Ikastetxeetako sei eraikinen teilatuetan, plaka fotovoltaikoak

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 13a, 00:00

Udala eta Enherkomen hitzarmenak ahalbidetu du udal eraikinen teilatuak baliatzea, energia burujabetzan aurrera egiteko.

 

Herriko hezkuntza publikoko sei eraikinen teilatuetan plaka fotovoltaikoak jarri dira udan. Hernani Haur Eskolako, Elizatxo ikastolako bi eraikinetako, Urumea ikastolako eta Langile ikastolako Meabe eta Laubidieta eraikinen teilatuetan jarri dira plakak.

Udalak eraikin publikoetako teilatuak energia burujabetzara bideratzeko erabakia hartua du. Horrela, hezkuntza zentro publiko horietako sei eraikinetako sabaiak laga dizkio Udalak Enherkom Hernaniko energia komunitateari instalazioak jarri, mantendu eta kudeatzeko.

Sortuko den energiaren %80 udalaren beharrak asetzeko izango da. Gainerakoa, herritarren artean banatzeaz arduratuko da Enherkom, “energia-sistemaren demokratizazio handiagoa erdiesteko”.

Bederatzi teilatu publiko, dagoeneko energia burujabetzara bideratuak

Hernanin energia trantsizioa ahalbidetzeko, Hernaniko Udalak eta Enherkomek hitzarmena sinatu zuten pasa den martxoan. Hitzarmen horren baitan, udalak bere titulartasuneko eraikinen estalkiak erabiltzeko kontzesioa egingo dio Enherkomi 25 urtez, eguzki instalazioak jarri eta kudeatzeko.

Plaken instalazio-proiektua bi fasetan egitea aurreikusi da. Dagoeneko lehenengo faseko lanak martxan daude, hitzarmen horri esker. Ikastetxeetako teilatuez gain, hilerrian jarri dira plaka fotovoltaikoak eta Latsunbeko pilotalekuaren estalki berria ere plaka fotovoltaikoz osatua dago. Aurten, udaletxeko estalkian plaka fotovoltaikoak jartzeko lanak egitea ere aurreikusi da.

Lehenengo faseak 390.000 euroko aurrekontua du. Udalaren eta Enherkomen hitzarmenari esker, orain arte egindakoekin eta aurten martxan jarriko diren instalazioekin, bederatzi eraikin publikotako teilatuetan egongo dira eguzki-plakak jarrita. Bigarren fase batean, beste sei eraikin publikotako teilatutan jarriko dira plaka fotovoltaikoak.

Energia burujabetzan aurrera egin eta energia-kontsumoan legediak eskatzen duen autokontsumo mailara heltzea ere ahalbidetuko dute inbertsio hauek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!