Bertsorik ez da faltako Hernaniko Euskal Jaietan ere. Paulo Txikiya bertso eskolak, Udalaren laguntzarekin, punta puntako jaialdia antolatu du larunbat arratsalderako. 18:00etan hasiko da saioa, Biteri kanpoaldeko plazatxoan.
Lau bertsolari arituko dira kantuan: Julio Soto, Miren Amuriza, Maider Arregi eta Andoni Mujika 'Anatx' osiñagarra. Bertso eskolako kideek prestatutako gaiei erantzun beharko diete bertsolariek.
Biteri kanpoaldea eremu aproposa da bertso jaialdiak egiteko, eta giro polita sortu ohi da urtero. Eguraldi txarra egingo balu, areto barruak egingo litzateke saioa.
Saio gehiago, datozen asteetan
Ikasturte honetan saioak maiztasunez antolatzen jarraituko du Hernaniko Bertso Eskolak. Une honetan ezer iragarrita ez duten arren, datozen asteetan iragarriko dituzte ondorengo saioak.
Bertso Eskolan izena emateko aukera
Dagoeneko zabalik dago Bertso Eskolan izena emateko aukera. Aurtengo klaseak asteazkenetan (18:00-19:00) eta ostiraletan (16:50-17:50) izango dira, Biteriko gela batean. Irakaslea Iker Ormazabal 'Tturko' izango da.
Izena emateko hernanikobertsoeskola@gmail.com helbide elektronikora idatzi daiteke, haurraren izena eta adina zehaztuta. Klaseak irailaren 26an hasiko dira, eta egun horretan bertan presentzialki apuntatzeko aukera ere izango da.