Ansaren itzulera eta goizuetarren arteko lehia ikusteko aukera izango da arratsaldeko jaialdian

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 13a, 00:00

Oriamendi Txapelketako partidua irabazten duen bikoteak Jabalera eta Eskuderoren aurka jokatuko dute datorren astean.

Gaur erabakita geratuko da Buruz Buruko Txapelketako finalaurrekoa. Oraingoz, hiru erremontariek dituzte aurrera egiteko aukerak. Oriamendi Txapelketako finalaurrekoa ere gaur erabakiko da.

Nahi baino mugituagoa izan da Buruz Buruko Erremonte Txapelketaren ligaxkaren azken astea. Azken unera arte Imanol Ansa urnietarraren erabakiaren zain egon dira erremontariak, eta jokatuko duela erabakita, kantxan erabakiko da nortzuk sailkatuko diren finalaurreko partidura.

Egungo txapeldunaren eta Juanenearen arteko partidua ikusteko aukera izango da Galarretan. Juaneneak partidua irabazi behar du aurrera egiteko, baina Ansak nahikoa du puntu bakarra lortzearekin. Horretarako, gutxienez 24 tanto egin behar ditu.

Hirugarren protagonista Azpiroz izango da. Bost punturekin amaitu du ligaxka, eta aurrera egingo du Ansak partidua irabazten badu, edo Juaneneak irabazita Ansa 24 tantora iristen ez bada.

Lesioaren ondoren, ikusteko dago ea zer moduz iritsiko den Ansa gaurko partidura. Sekulako dohaiak dituen erremontaria da, baina bere aukera baliatzen saiatuko da Juanenea ere.

 

Goizuetarren arteko lehia izanen da Oriamendi Txapelketan

Oriamendi Erremonte Txapelketak bere unerik berezienetako bat biziko du gaur (16:30etik aurrera, Galarreta Jai Alai), finalaurrekoetarako txartela jokoan egongo baita goizuetarren arteko lehian. Susperregi eta Zubiri, Gurrutxagaren eta Apezetxearen aurka lehiatuko dira. Irabazleak Jabalera eta Eskudero izango dituzte aurkari hurrengo larunbatean. Finalerako zuzenean sailkatu ziren Goikoetxea V.a eta Aiestaran VI.a.

Bi bikoteak ilusioz eta arduraz beterik iritsi dira, bi hilabete eta erdiko txapelketaren ostean, badakitelako finalaurrekoa jokoan dutela. Aurreko norgehiagokaren errebantxa airean dago, eta zaleen artean ikusmin haundia piztu du: Susperregik eta Zubirik aurreko porrotari buelta emango diote edo Gurrutxagak eta Apezetxeak berriz ere lortuko dute garaipena?

Bi aste lehenago jasandako porrota oso presente dute buruan Susperregik eta Zubirik (2-1: 8-15, 15-13 eta 8-3). Lehen setean nagusi izan ziren, baina bigarrenean eta hirugarrenean egindako hutsek asko zigortu zituzten. Susperregik honela azaldu zuen: «Aurrekoan hasieran ekimena falta izan zitzaigun eta hirugarren setera nekatuegi iritsi ginen. Larunbat honetan oso indartsu hasi behar dugu eta bi setetan irabazten saiatu, hirugarrenera ez heltzeko».

 

Susperregik eta Zubirik, bizitasunaren aldeko apustua

Pasa den asteartean izan zuten materialaren aukeraketa. Apezetxearen baja izan zen, azken egunetan osasun-arazoengatik ohean egon baitzen. Gaurko %100ean egotea espero da.

Gurrutxagak mota ezberdinetako peloten aukeraketa egin zuen: bi pelota bizi aukeratu zituen, Apezetxeak sakearekin min egiteko; beste bat erdikoa, eta laugarren bat lehorra, partiduak okerrera egingo balu baliatzeko. Haren hitzetan: «Garrantzitsuena da Apezetxeak sakean asmatu eta gero aukera argiak sortzea. Eta batez ere, ahalik eta akats gutxien egitea da funtsezkoa».

Aldiz, Susperregik eta Zubirik lau pelota bizi eta arin aukeratu zituzten, euren jokoari hobekien egokitzen zaizkiolakoan. Zubirik berak azaldu zuen: «Pelota bizkorrak eta arinak behar ditugu, gure jokoari erritmoa ematen diotenak».

 

Bideo baten bidez ezagutarazi zuen Ansak jokatzeko erabakia

Era originala hautatu zuen urnietarrak jokatuko zuela esateko. Prozesuaren eta egungo egoeraren berri ere eman zuen.

Bideo baten bidez jakinarazi zuen Imanol Ansak jokatzeko erabakia. Barrenetxearen aurkako partiduan izandako zuntz hausturak kantxetatik kanpo izan du urnietarra bi astez, baina egindako lanarekin lortu du azken jardunaldira sailkatzeko aukerekin iristea: «Ikaragarri saiatu naiz errekuperatzen, fisioterapia saioak egin ditut, erreadaptazio eta errekuperazio saioak ere egin ditut. Ikusita zerbait errekuperatu naizela eta kantxan izan ditudan sentsazioak ikusita larunbatean jokatzea erabaki dut».

Jokatzeko moduan dagoen arren, urnietarrak argi du ez dela betiko Ansa ikusterik izango, baina gogotsu dago: «Kosta egingo zait %100ko indar hori ematea eta horren ordez beste errekurtsoak atera beharko dira; hankak, defentsa, jokua aldatzea... Garbi daukat pilotalekura dena emateko prest aterako naizela».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!