Dobera Euskara Elkarteak Zurekin Tribu... egitasmoa berreskuratu du irailaren amaierarako, familietan euskeraren transmisioa indartzeko. Etxeko helduak eredu eta erreferente diren heinean, espazioak eta aukerak sortuko dituzte euskeraren eta hizkuntza ohituren transmisioa uztartzeko, baita gaiaren gainean hausnartzeko tarteak eskaini ere.
Uda pasata, ikasturte berrirako Doberak hainbat ideia jarriko ditu martxan: Irailaren 27an izango da ikasturteko lehenengo saioa: Doberak HAzoka ospatzen duela aprobetxatuta, Sorgina Txirulinaren eskutik Ipuin kontaketa tailerra. Bestelakoak: sukaldaritza tailerra, Gau Beltza... ere aurreikusita daude urrira begira.
Dobera Euskara Elkarteko bi begirale aritzen dira saioak dinamizatzen. Hala ere, ekintza batzuetan, adituak ere etortzen ohi dira laguntzera.
4-7 urte bitarteko haurrak (2018, 2019, 2020, 2021) dituzten familietara dago zuzendua eta hilabete bakoitzaren azken larunbatean elkartzen dira, ekintzaren arabera goizez edo egun osoz.
Tribuko partaide izateko izena ematea beharrezkoa da eta deialdiak izena eman duten familiei soilik helaraziko zaizkie. Doakoa da eta izena eman daiteke www.dobera.eus webgune bidez.
Izen ematearekin batera, «Doberako kideok Whatsappeko komunitate batean sartuko zaituztegu eta bertatik iritsiko zaizkizue gonbidapenak. Zuen telefono zenbakiak ez dira partekatuko, noski». Hilero, ekintza berriaren gonbidapena jasotzerakoan, ekintzan parte hartzeko izena eman beharko da berriro ere, formulario txiki eta erreza beteta.