Merkataritza festan izango dira gaur azoka, sukaldaritza saioa, tailerrak eta pintxo potea

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 12a, 00:00

Tailerrak bukatutakoan, Mogumborekin kale animazioa izango da Kaxkoko kaleetan zehar.

Merkataritza Festaren egun haundia izango da gaur. Gainera, Hartu kalea! ostirala ere izango da: Kaxkoa trafikoarentzako itxita egongo da 10:00etatik. Herriko establezimenduek euren produktuak kalera atera eta ingurua apainduko dute.

Bertako produktuen azoka Plaza Berrin izango da. 17 postu egongo dira: eztia (Aikur eta Ibai Ormaetxea), esnekiak (Larreta), gaztak (Behieko eta Berbelar), pasta (Zituene),
sagarrak (Zabaloenea), haragia (Perrapa), barazkiak (Arriatzu, Herrilur eta Nekazal Eskola), kontserbak (OnEin), izozkiak (Leizuri), belardenda (Goxo), liburuak (Argia) eta Hernani Burujaberen informazio puntua. Jakoba Errekondo egongo da.

Urbieta kaleko oinezkoen gunean Zigor Iturrieta sukaldariaren showcooking saioa ikusteko aukera izango da. Arratsaldean, tailerrak izango dira Urbieta kaleko gune horretan: askari osasuntsuak Elikuren eskutik (familientzat) eta sagar dastaketa, Zabaloenea baserriko Manuel eta Maddi Iradirekin Ordiziko feria lehenengo saria lortu eta gero pasa den asteazkenean. Kuia kafean ere kafeari onena ateratzeko 'In kafea zure etxean' tailerra izango da.

Tailerrak bukatutakoan, Mogumborekin kale animazioa izango da Kaxkoko kaleetan eta bertako produktuekin pintxo-potea egiteko aukera ere izango da zortzi tabernatan: Andrekale 21; Aralar; Atxur; Ekos; Goiz Eguzki; Haida; Harresi eta Joxe Mari.

 

Iñigo Diez, Tomas de Diego eta Dami Morianari omenaldia

Aurtengoan ere izango dira omenaldiak. Iñigo Diez fruta-denda izango da omenduetako bat, 75 urte bete baititu establezimenduak. Horiez gain, Berriak elkartearen ibilbidean funtsezkoak izan diren bi lagun omenduko dira: Tomas de Diego eta eta Dami Moriana.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!