Musika Bandaren kontzertua eta Kantu Jira, Euskal Jaietako larunbatean

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 12a, 00:00

Kantu Jirak Kaxkoa zeharkatuko du eguerdiko 12:30etan hasita.

Irailaren 20an 12:30etan hasiko da Kantu Jira eta 13:00etako Musika Bandaren kontzertuan, arkupetan, Isidro Ansorena omenduko da.

Hernaniko Musika Bandak kontzertua eskainiko du irailaren 20an, 13:00etan, udaletxeko arkupetan, Euskal Jaiak ospatzeko. Emanaldian, Hernaniko txistulariekin batera ariko da, eta programak euskal musikaren harribitxi ugari bilduko ditu.

Kontzertuak Isidro Ansorenari omenaldia egingo dio, bere heriotzaren 50. urteurrenean. Bandak, txistularien laguntzaz, Ansorenaren hainbat pieza joko ditu, Jose Ignazio Ansorenak eta Joxemari Oiartzabalek egindako moldaketei esker.

Emanaldian entzun ahal izango dira XX. mendearen hasierako lan baliotsuak, hala nola Gonzalez Arroitajauregi, Usandizaga eta Gabiolarenak, bandarako propio idatziak. Horrez gain, Silvanio Cervantesen jota ezaguna, La dominguera, eta garaikideagoak diren obrak, besteak beste Jon Esnaolaren Ttutturre eta Gatiburen Agur kapitaina. Azken hau, gainera, Hernaniko Musika Bandako partaide den Imanol Iribarrenek moldatutakoa da.
Kontzertu honek euskal musikaren garai eta estilo desberdinak uztartzen ditu, herri tradizioa, omenaldiak eta gaurkotasuna batuz.

 

Udaletxe aurrean elkartuko dira abestera herriko taldeak

Aurtengo Euskal Jaien egitarauaren barruan, Kantu Jira izeneko ekintza ere antolatu da. Irailaren 20ean izango da eta 12:30etan udaletxe aurrean elkartuko dira hasiera emateko. Partehartzea ziurtatu duten herriko taldeak, hauek dira: Kalez Kale Kantari, Ozenki, Kantuz, Goiz Eguzki eta Txistulariak.

Edozeinek parte hartu dezake eta nahi izanez gero baserritarrez jantzita joan daiteke (ez da ezinbestekoa). Helburua, ekintza hau, ahalik eta herrikoiena izatea da.

Kalez-Kale liburuxka ez dutenentzat letren kopiak banatuko dira. Denera, 12 kanta aukeratu dira eta horietatik 4 bakarrik dira 4 ahotsetara abestuko direnak. Baina, melodia dakienak abestu ahal izango ditu ere. 

Beraz, abestea gogoko duten guztiak ongietorriak izango dira. «Animatu eta gozatu Euskal Jaiak!», diote Kantu Jiraren antolatzaileek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!