Nafarroako Gobernuak Administrazio landa-inguruneetara hurbiltzeko apustua egin zuen martxoan, herritarrei arreta emateko bulego mugikorraren bidez. Zerbitzu honek, Zerbitzu honek «lurraldeen arteko berdintasuna eta kohesioa sustatzen ditu, despopulatzeko arriskuan dauden udalerriei Foru Administrazioarekin lotutako hainbat kudeaketa egiteko aukera eskainiz, beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihesteko eta izapideak errazago egin ahal izateko hurbiletik, arin eta modu pertsonalizatuan», adierazi zuen Lurralde Kohesiorako Departamentuko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak. Eta ikasturte berriko martxa hartuta, bulego mugikorrak irailerako egitaraua prestatu du eta 14 joan etorri programatu ditu, Nafarroako 14 herrietara, eta tartean da Goizueta.
Beraz, goizuetarrek aukera ederra dute administrazioarekin lotutako kudeaketa zerbitzuez gozatzeko, besteak beste, ondorengoak: Nafarroako Gobernuan eskaintzen diren zerbitzuei buruzko informazioa jasotzeko aukera izanen dute; Erregistro-erakunde bat direnez, edozein dokumentazioa bilduko dute nahi den Administraziora; Nortasun digitala sortzen eta erabiltzen laguntza eskaintzen dute; Nortasun digitala gako bat da, eta administrazio publikoekin Internet bidez kudeaketak egiteko balio du.; Internet bidez kudeaketak egiten lagunduko dute; Nafarroako Foru Administrazioari buruzko kexak eta iradokizunak bildu eta bidaliko dituzte; eta herritarren proposamenak entzun eta hobe daitezkeen gaien berri emango die Nafarroako Gobernuko departamentu desberdinei.
Datorren astean geldialdia, Goizuetan
Datorren astean Herritarren Arretarako Bulego Mugikorrak geldialdia eginen du Goizuetan; zehazki, hilaren 17an, 18 eta 19an izanen da, goizeko 09:30etatik eguerdiko 13:45etara.
Funtsean, goizuetarrek lizentziak tramitatu ahal izanen dituzte, besteak beste, 'Osasun Karpeta Pertsonalera' sarbidea lortu; Cl@ave sistemako akreditazioak eskuratu; ziurtagiri digitala lortu; eta dokumentazio ofiziala erregistratu.
Bulego ibiltaria «%100 irisgarria» dela ziurtatu dute, eta horrez gain, zenbait irisgarritasun-zerbitzu eskaintzen ditu; hala nola, indukzio magnetikoko begiztadun arreta laguntza teknikoak, erabiltzen dituzten pertsona gorrentzat; braillez idatzitako seinaleak eta oin eta hatzetarako gidak; NaviLens teknologia bidezko audio deskribapenak; bideoak gaztelaniazko keinu-hizkuntzan (LSE); eta irakurketa errazeko seinaleak.