Azokek ere martxa hartuta, postu ugari izango dira gaurkoan Plaza Berrin eta Urbietan

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 13a, 00:00

Bi azoka izango dira gaurkoan; batetik, Behemendiko azoka Plaza berrin; eta bestetik, Bigarren Eskuko Azoka, Urbietan. Biak goizean zehar izango dira.

Musikak ez ezik, azokek sekulako saltsa sortzen dute Hernanin, eta gaurtik ikasturteari ekingo diete, zenbait postu jarriz. Hileroko zitari eutsiz, Behemendiko azoka ibiltaria jarriko dute Plaza Berrin; eta bigarren eskuko azoka, berriz, Urbietan. 

Herritarrek, bailarako eta inguruko ekoizleen produktuak izango dituzte eskuragarri Behemendiko Azokan, goizeko 09:00etatik eguerdiko 14:00etara; besteak beste, barazkiak, loreak, esnekiak eta ogia.

Bere aldetik, Bigarren eskuko azokak, goizeko 10:00etatik 13:30etara irekiko ditu ateak, eta produktu mordoxka jarriko dira erosgai; «materialek bigarren bizitza bat izan dezaten». 

Horrez gain, Bigarren Eskuko azokako antolatzaileek aurreratu dute azaroko bigarren larunbaterako bigarren eskuko bizikleten azoka antolatu dutela.

Gaur goizeko Bigarren eskuko azoka Urbietan izango da, eta euria eginez gero, Atsegindegin egingo dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!