Nagusiek urtea amaituta, harrobiak hasiko ditu arraun entrenamenduak

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 11a, 00:00

Maialen traineruko partaideak Kontxako sailkapen estropada amaituta.

Arraunlari berrien gurasoei zuzendutako bilera egingo dute gaur, 18:30etan hasita.

 

Aste honetan, arraunlari gazteenek, alebinek (2014), infantilek (2013-2012), kadeteek (2011-2010) eta jubenilek (2009-2008), eta arraunean hasi nahi dutenek, entrenamenduei ekingo diete: Gaur, bilera izango da arraunlari eta arraunlari berrien gurasoei zuzendua, 18:30etan.

Datorren astelehenean, berriz, irailaren 15ean, entrenamenduei hasiera emango zaie. Arraunean hasi nahi duenari, gaurko bilerara hurbiltzeko gonbita luzatzen diote. Kontaktuan jartzeko: @hernaniarrauna instagramen; 655 708 281 telefono zenbakian; hernani.arrauna@gmail.com helbide elektronikoan edo klubean Ibarluze Poligonoa bertan.

«Beste urrats bat falta zaigu. Datorren urtean lortuko dugu»

Hernani Arraun Elkarteko arduradunek Kontxako sailkapen estropadan eta denboraldian egindako paperaren balantzea egin dute: Jokatu zen Kontxako sailkapen estropadarekin, agur esan zion Hernaniko ‘Maialen’ traineruak aurtengo denboraldiari.

Azken estropada jokatu ondoren, Asier Ocon, ‘Maialen’ traineruko entrenatzaileak, Kontxako sailkatze-estropadaren azterketa egin zuen: «Lehengo asteazkenean, itsasoa oso ‘dantzari’ egon arren, joaneko luzea txukun egin zuten gure neskek. Ziaboga eman ondoren, aurtengo gure arantza azaldu zen; hau da, itzuleran ez genuen nahi bezala asmatu. Estropada txukunak egin ditugu aurten itsasoan, baina beste urrats bat falta zaigu. Datorren denboraldian lortuko dugu!», dio baikor.

Orain etenalditxoaren unea iritsi da. «Neskek ondo merezitako atsedena hartuko dute; lan bikaina egin dute. Haundiak dira. Zorionak denei», azpimarratzen du, jada, datorren denboraldiari begira jarrita dagoen Oconek.

«Ea taldeak bere osotasunean eusten dion. Hala bedi. Halere, taldea haunditu behar dugu. Beraz, Hernaniko, eta inguruetako herrietako neskei, dei bat luzatzen diet gure arraun elkartera hurbildu daitezen. Esperientzia ederra biziko duzue. Etorri gurekin arraun egitera!», gonbita luzatzen du Maialen traineruko entrenatzaileak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!