Comète Sareak oroitzapen ibilaldia antolatu du astebururako, II. Mundu Gerran mugalariek eta hegazkinlari aliatuek Euskal Herrian erabilitako ibilbidea gogoraziz. Omenezko ibilaldia Ziburutik Oiartzunera izango da, Les amis du réseau Comète eta Comète Baztan-Bidasoa elkarteek antolatuta, Urdaburu Mendizale Elkartearen laguntzarekin.
Ibilaldia larunbatean hasiko da Ziburun, Sokoako hilerrian. Bertan daude hilobiratuta Kattalin Aguirre, Joséphine Castet-Aguirre, Marie-Christine Castet eta Florentino Goikoetxea hernaniarra, Comèteko kide eta mugalariak. Jarraian ibilaldia hasiko dute, sarearentzat garrantzitsua izan zen Bidegain-berri baserria ikusiz. Urruñan Frantxia Usandizaga eta Juan Manuel Larburu ekarriko dituzte gogora. Ibilaldia jarraituko dute, Bidasoa ibaiara jaitsi eta San Miguel tren geltoki ohira iritsi arte.
Igandean ibilbidea berrekingo dute. San Miguelen hasi eta Erlaitzera igoko dira, Oiartzunera iristeko. Han, Sarobe baserrian ekitaldia izango dute. Baserri honetan Iriarte-Berasategi familiak hegazkinlariak jasotzen eta babesten zituen.