Herriko euskaltegietan «euskera ikasi eta hobetzera» animatu dituzte hernaniarrak

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 10a, 00:00

Garazi Redondo, Eli Insausti, Axier Mingo eta Xabier Ezponda.

Euskera ikasteko eskaintza zabala dago herriko euskaltegietan, «bakoitzari ondoen egokitzeko», Axier Mingo euskera zinegotziak dioenez.

Ikasturte hasiera honetan, Hernaniko Udalak euskera ikasi eta hobetzeko hautua egitera animatu nahi izan ditu euskeraz ez dakiten edo jakin arren euren euskera maila hobetu nahi duten herritarrak.

Horregatik, «euskera ikastea hernaniar guztien eskura egon dadin, aurten ere laguntzak eta erraztasunak emango ditu Udalak». Halaxe adierazi du Axier Mingo Euskara zinegotziak.

Herrian euskera ikasteko eta hobetzeko dauden aukera guztien berri eman zuten astele­he­nean Mingok (Hernaniko Uda­la), Eli Insaustik (Hernaniko Udal Euskaltegiko zuzendaria), Garazi Redondok (Hernaniko AEKko irakaslea) eta Xabier Ezpondak (Dobera Euskara Elkarteko kidea).

 

Udal euskaltegia eta AEK,
bi aukera euskera ikasteko

Hernanin bi euskaltegi daude: Hernaniko Udal Euskaltegia eta Hernaniko AEK euskaltegia. Eta bietan dago matrikulazioa irekita momentu honetan: hilaren 24ra arte udal euskaltegian, eta 26ra arte AEKn.

Zabala da euskera ikasteko eskaintza, bi kasuetan: A0 mailatik C2ra, eta modalitate ezberdinak, «ikasle bakoitzak ondoen egokitzen zaiona aukeratu dezan».

Eli Insausti Udal Euskaltegiko zuzendariak azaldu zuenez, «Udal Euskaltegian arreta pertsonalizatua ematen diogu ikasleari. Erraztasunak emateko, autoikaskuntza edo txandaka etortzeko aukera ere ematen dugu, esaterako».

AEKko Garazi Redondok azaldu zuenez, «ohiko eskolez gain, erabilera sustatzeko egitasmo be­reziatuak ere egiten ditugu gure euskaltegian; Zilegi Eskola edo Gurasolagun, adibidez».

Euskeraren erabilera hobetu nahi duenak, aldiz, Dobera Euskara Elkarteak antolatzen duen Mintzalaguna egitasmora jo dezake. «Euskera talde txikian, modu informalean eta doan praktikatzean datza», azaldu zuen Ezpondak. Kasu honetan, «euskeraz ulertzen duten eta ikasteko gogoz dauden mintzalagunak zein bidelagun euskaldunak» behar dituztela azaldu du: alegia, euskera hobetzen laguntzaile izango diren horiek ere bai. Bi kasuetan, izenematea www.dobera.eus ataritik edo elkartera hurbilduta egin daiteke.
 

Dirua euskera ikasteko oztopo izan ez dadin, laguntzak

«Hernaniko Udalak herriko bi euskaltegietan ikasten duten her­naniar guztiei laguntzen die ekonomikoki», azaldu zuen Mingo zinegotziak. Hori horrela, Hernanin erroldatuta dauden guztiei matrikularen %70a ordaintzen die Udalak. Gainera, langabetu, ikasle, erretiratu zein dibertsitate funtzionala duten herritarrek %90eko laguntza jasoko dute Udalaren aldetik.

Eusko Jaurlaritzako HABE erakundeak, berriz, A1 mailako ikasleei matrikula aurreratuko die. Aurten, A2 mailako ikasleekin ere modu berean jokatuko du. Eta laguntza ekonomikoa ematen du, baita ere, 16 eta 18 urte arteko gaztetxoek C2 mailako titulu ofiziala lortzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!