Atzo zabaldu zen izena emateko epea, ikasturte honetako Biteri kultur etxeko ikastaroetan. Hilaren 19ra arte izango dute aukera herritarrek, eskainiko diren 20 ikastaroetako batean apuntatzeko: bost haur eta gaztetxoentzat; eta 15 helduentzat.Biterin bertan (09:00-13:00 eta 16:00-20:00 ordutegian) edo online (www.kultura.hernani.eus) egin daiteke.
Plaza kopurua baino izenemate gehiago dauden kasuetan, zozketa irailaren 22an egingo da. Ikasturtea urriaren 1ean hasiko da.
Helduek, 15 ikastaro aukeran
Helduentzako 15 ikastaroko eskaintza dago. Horietako 12 ikasturte osoko ikastaroak izango dira, eta beste hirurak ikastaro laburrak. Ikasturte osoko ikastaroak hauek izango dira: egur taila; pintura; zeramika; patchwork; altzariak berritzea eta aldatzea; arropa konponketa, joskintza eta patroigintza; antzerkia; dantza garaikidea; dantza latinoak; tai chi kung; mindfulness eta yoga.
Ikastaro laburrak, berriz, izango dira argazkigintza digitala, dekorazioa naturako elementuekin eta sukaldaritza.
Haur eta gaztetxoentzat, bost ikastaroko eskaintza
Haur eta gaztetxoentzat, bestalde, bost ikastaro eskainiko dira, euskeraz: sormenarekin jolasean (3-5 urte); pintura eta marrazketa (6-9 urte); antzerkia (9-12 urte); naturako elementuekin jolasean (10-12 urte); eta marrazketa (13-17 urte).
Ikastaroen ordutegia, prezioa eta gainerako xehetasunak Biteriko ikastaroen liburuxkan daude jasota. Hernaniko etxeetara bidali dute.