Gaurtik irailaren 12ra tailerrak, mahai-inguruak, bertako produktuen azoka, kale animazioa eta bertako produktuen pintxo-potea izango dira herriko kale eta establezimenduetan. Aurtengo Merkataritza Festak elikadura burujabetza izango du ardatz eta jardunaldiak gaur hasiko dira Goxo belardendako kideek elikadura jasangarriaz emango duten tailer batekin. Hori 18:00etan izango da Berriak elkarteko egoitzan.
Bihar Bertatik Elikatuz enpresaren egoitzara bisita gidatua izango da, 15:30etatik 16:00etara. Eta fruta-kontserba begetalen tailer praktikoa eskainiko da, OnEin Kontserbaken eskutik, 16:00etatik 20:00etara Bertatik Elikatuzen egoitzan.
Etzi, ostegunean, 'Gure lurra, gure jatekoa; elikadura burujabetzaruntz' mahai ingurua, 19:00etan hasiko da Sandiusterrin, Uxue Amonarriz, Alazne Intxauspe, Beñat San Sebastián eta Amanda Verrone hizlariekin, Aritz Gamboak gidatuta.
Ostirala, egun haundia
Egun garrantzitsuena hilaren 12a, ostirala, izango da. Gainera, Hartu kalea! ostirala ere izango da: Kaxkoa trafikoarentzako itxita egongo da 10:00etatik aurrera. Egun horretan, herriko establezimenduek euren produktuak kalera atera eta ingurua apainduko dute.
Bertako produktuen azoka Plaza Berrian izango da. 17 postu egongo dira: eztia (Aikur eta Ibai Ormaetxea), esnekiak (Larreta), gaztak (Behieko eta Berbelar), pasta (Zituene),
sagarrak (Zabaloenea-Iradi), haragia (Perrapa), barazkiak (Arriatzu, Herrilur eta Nekazal Eskola), kontserbak (OnEin), izozkiak (Leizuri), belardenda (Goxo), liburuak (Argia) eta Hernani Burujaberen informazio puntua. Jakoba Errekondo bertan egongo da.
Egun horretan, Urbieta kaleko oinezkoen gunean Zigor Iturrieta sukaldariaren showcooking saioa ikusteko aukera izango da. Arratsaldean, tailerrak izango dira Urbieta kaleko gune horretan: askari osasuntsuak Elikuren eskutik (familientzat) eta sagar dastaketa, Zabalo-enea baserriko Manuel eta Maddi Iradirekin. Kuia kafean ere kafeari onena ateratzeko In kafea zure etxean tailerra izango da.
Tailerrak bukatutakoan, Mogumborekin kale animazioa izango da Kaxkoko kaleetan eta bertako produktuekin pintxo-potea egiteko aukera ere izango da zortzi tabernatan: Andrekale 21; Aralar; Atxur; Ekos; Goiz Eguzki; Haida; Harresi eta Joxe Mari.
Iñigo Diez, Tomas de Diego eta Dami Morianari omenaldia
Aurtengoan ere izango dira omenaldiak. Iñigo Diez fruta-denda izango da omenduetako bat, 75 urte bete baititu establezimenduak.
Horiez gain, Berriak elkartearen ibilbidean funtsezkoak izan diren bi lagun omenduko dira: Tomas de Diego eta eta Dami Moriana. Antziola okindegiko arduradun, Tomas De Diego 15 urte baino gehiagoz izan da Berriak-eko presidentea. Hoki lenceria dendako Dami Moriana elkartearen sortzaileetakoa izan zen eta batzordean urte luzez lanean aritu da.