Asteburu bizi bizia izan da Hernaniko auzoentzat. Latxunbeberriko eta Zikuñagako festak giro ederrean ospatu dituzte, eta merezitako deskantsua hartuko dute orain.
Goizean zehar egin zituzten atzo jarduerak bi auzoetan. Latxunben gastronomiarekin lotutakoak izan ziren protagonista: tortilla txapelketa eta sagardo dastaketa. Horiez gain, CD Hernaniko pelotari gazteen finalak, libreko bertso saioa eta trikitilariak izan zituzten kirol pistan. Bazkalordua gerturatu ahala, 14:00ak aldera, antolatzaileek jaien amaierako suziria piztu zuten, eta orduantxe bukatu ziren festak.
Zikuñagan zertxobait gehiago eutsi zioten jai giroari. Izan ere, goizeko jardueren ondoren, paella jate herrikoi baten bueltan elkartu ziren bertako auzotarrak. Atzoko eguna Zikuñagako Amaren ermita inguruan igaro zuten, meza, kontzertua eta jolasak egin zituzten bertan. Kasu honetan ere pirotekniarekin bukatu zituzten festak, azken traka batekin.
Festen kateak jarraipena izango du Karabelen
Bukaera batek hasiera bat dakar normalean, eta auzoetako festen kateak ez du etenik izango Hernanin. Hilaren 19an hasiko dira Karabel auzoko festak. Aurrerago emango du Kronikak bertako jardueren berri.
Horrez gain, egun horietan bertan Euskal Jaiak izango dira Hernanin. Egitarau oparoa prestatu du Hernaniko Udalak, ganadu feria, bertso jaialdia eta Errobi taldearen kontzertua, besteak beste.
Aspertzeko tarterik ez da izango behintzat!