Egoera oso onean iritsi zen Endika Barrenetxea hernaniarra Buruz Buruko txapelketako ligaxkako azken jardunaldira, eta ez zuen hutsik egin. 17 tanto egitea nahikoa bazuen ere, mendean hartu zuen Azpiroz (30-24) eta zuzenean sailkatu zen final haundira.
Partiduak bi zati izan zituen. Lehenengoan oso lehia estua ikusteko aukera izan zen Galarretan, tanto peloteatuak eta defentsa lan ikusgarria bi erremontarien partetik. Denbora aurrera joan ahala, ordea, Barrenetxeak gorantz egin zuen, eta aldeak haunditzea lortu zuen. Beste behin saketik min haundia egin zuen hernaniarrak; guztira 9 tanto lortu zituen saketik, eta 16 peloteoan.
Era honetan, ligaxkan jokoan zeuden puntu guztiak eskuratu ditu Barrenetxeak (12 puntu), eta zuzenean sailkatu da irailaren 27an jokatuko den final haundira.
Ansa II.aren erabakiaren zain
Oraindik erabakitzeko dago zein bi erremontarik jokatuko duten finalaurreko partidua. Izatez, larunbat honetan jokatu behar dute Ansak eta Juaneneak ligaxkako azken partidua, baina oraindik ikusteko dago ea urnietarrak jokatu ahalko duen, Barrenetxearen kontrako partiduan zuntz haustura bat izan baitzuen. Ostegunean egingo dizkiote azken probak, eta orduan hartuko du erabakia.