Itsaspeko zinemaz gozatzeko aukera izango da iraileko hiru asteartetan

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 7a, 00:00

Irailaren 16an, 23an eta 30ean izango dira proiekzioak, CIMASUB nazioarteko zikloaren barnean.

 

CIMASUB itsaspeko nazioarteko zikloa bigarrenez iritsiko da Hernanira. Iraileko hiru asteartetan, 16ean, 23an eta 30ean,15 film labur eta 3 dokumental ikusteko aukera izango da Biteriko aretoan, arratsaldeko 19:00etan hasita. 

Itsaspekoak-Real Sociedad elkarteak antolatutako zinema zikloa da CIMASUB, eta itsas hondoa ezagutaraztea da proiektuaren xedea: «Ozeanoen esentzia harrapatzen duen argazkilari eta zinemagileen dedikazioa sinbolizatze du. Sortzaile horientzat irudi bakoitza erantzukizun ekintza bat da, itsas ekosistemen edertasuna eta zaurgarritasuna erakusten diguna», zehaztu dute antolatzaileek. 

Irailaren 16an izango da lehenengo proiekzio saioa, eta betran lau film labur eta dokumental bat eskainiko dituzte: Shark man-The depths within (Peter Loes); Kallaikoi-El mar de las meigas (Jorge Martinez Vazquez); Metropolis-A day in Reef City (Luca Keller); Nadar con fantasmas (Damian Ramos Diaz); eta Urak Lawoi, brothers of the sea (Telmo Iragorri eta Manuel Coronado).

Parte hartzeko deia egin dute Hernaniko Udaletik

Hernaniko Udaletik itsaspeko zinema saioak ikustera joateko gonbidapena luzatu dute. Ainara Atorrasagasti ingurumen zinegotziak nabarmendu du «interesgarria eta ederra» izango dela: «Horrez gain, itsaso eta ozeanoen inguruko kontzientzia hartzeko eta ingurumenaren alde jarduteko aukera ere bada». 

Argazki erakusketa, 16tik 30era

Zinema saioak ez ezik, 'Leiho bat ozeanoko altxorrei' argazki erakusketa ere jarriko dute Biterin. Astelehenetik ostiralera bisitatzeko aukera izango dute herritarrek, 11:00etatik 19:00etara. CIMASUB lehiaketako 24 argazki onenak jarriko dituzte ikusgai.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!