Zikuñagako Amaren ermita festaren erdigune bilakatuko da gaur, auzoko jaietako azken egunean

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 7a, 00:00

Estiloarekin zerbitzatzen denean hobeto sartzen da sagardoa.

Ermitan hasiko dute eguna Zikuñagako bizilagunek, eta bertako kanpoaldean egingo dituzte mezaren ondorengo jarduerak. Eguerdian paella jate herrikoiaren bueltan elkartuko dira. 

 

Atzoko egun sargoriari sagardoarekin egin ziotan aurre Zikuñagan. Eguerdian hasi zituzten jarduerak, eta, ohi bezala, jende dexente elkartu zen sagardo dastaketan. Arratsaldean danbor hotsak auzo guztia hartu zuen, eta gauean Itzal erromeria taldearekin luzatu zuten parranda. 

Gaurkoa oso bestelako eguna izango da Zikuñagako bizilagunentzat. Zikuñagako Amaren ermitara lekualdatuko dute festaren erdigunea, eta bertan egingo dituzte goizeko jarduera guztiak. 10:00etan hasiko da meza; jarraian Ozenki abesbatzako kideek kontzertu txiki bat eskainiko dute kanpoaldean; eta 11:30ak aldera toka, bote eta igela probatzeko aukera izango da bertan. 

Goikoak bukatu orduko, 14:30ak aldera, eskolara itzuliko dira bizilagun guztiak, paella herrikoi baten bueltan elkartzeko. Sabela ondo bete eta bazkalostean pixka bat luzatu ondoren, azken trakarekin amaitutzat emango dituzte Zikuñagako jaiak.

ZIKUÑAGAKO JAIAK

GAUR

10:00 Zikuñagako Amaren omenezko meza ermitan (euria egiten badu eskoletan izango da).

Jarraian Ozenki abesbatzaren kontzertua.

11:30 Toka, bote eta igela ermitan. 

14:30 Paella herrikoia eskolan.

Jarraian traka eta amaiera. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!