Amher merkatopaketa antolatuko da asteartean

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 6a, 00:00

Kulturarteko Plaza Feministan izango da goizean eta arratsaldean.

 

Udan zehar, Amherrek zenbait jarduera martxan izan ditu eta asteartean, irailaren 9an, hasiera emango diote ikasturteari Merkatopaketa azokarekin. Kulturarteko Plaza Feministan izango da eta biltegiko arropa doan hartzeko aukera izango da, musikak girotuta, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:30etara.

Amherrek eskerrak eman nahi dizkie arropa ekarri duten pertsona guztiei; «ekintza honekin arroparen berrerabilera sustatzen dugu eta kontsumoa eta ehun-hondakina murrizten ditugu, gizarte bezala aurre egin behar diogun ingurumen-arazoetako bat».

Orain, eta datozen hilabeteei begira, azpimarratu nahi dute Hernanin badaudela baldintza prekario eta eskasetan bizi diren bizilagunak, beraz, «deialdi berezia luzatu nahi dugu mantak, lo-zakuak, neguko azpiko arropa zein galtzerdi eta eskularruak ekartzeko».

Gogoratu nahi dute ekartzen den arropa garbia eta baldintza duinean egon behar dela. Baita ere, «arropategia mantentzeko eta asteazkenetan irekitzeko bolondresak ongi etorriak izango dira. Eginkizunak ez die denbora asko kenduko eta oso lagungarria izango zaigu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!