Barrenetxea IV.ak 17 tanto behar ditu gaur, finalera zuzenean sartzeko

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 6a, 00:00

Barrenetxearen eta Ansaren arteko partidua.

Atzelari hernaniarrak Azpirozen aurka jokatuko du Buruz Buruko txapelketako ligaxkako partidua.

 

Endika Barrenetxeak hamazazpi tanto nahikoak ditu gaur Galarretan Buruz Buruko Txapelketako finalera sailkatzeko. Azpirozen aurka jokatuko du 16:30etan hasiko den jaialdian eta ligaxkako azkenaurreko partidua izango da.

Atzelari hernaniarrak zortzi puntu ditu sailkapenean jokatutako bi partiduak irabazi ondoren eta Azpirozek berriz hiru puntu ditu. Atzelari nafarrak hamasei tantotan uzten baldin badu Barrenetxea zazpina punturekin berdinduko luke sailkapenean eta bien arteko partidua kontutan izanda, finalera zuzenean sailkatuko litzateke Uitzikoa. 

Hala ere, partidua irabazteko faboritoa Barrenetxea izango da. Orain arte erakutsitako mailaren arabera ezusteko galanta izango litzateke hamazazpi tantora ez iristea. Hori bai, Azpirozek badaki zer den hernaniarra garaitzea. 2024ko Masterrean 30-23 irabazi zuen partidua Barrenetxearen aurka. Beraz, Barrenetxeak dena eman beharko du sustorik ez izateko. 

 

Ansa II.ak irailaren 13ra arteko epea izango du lesiotik osatzeko

Bestetik, Oriamendi2010 enpresak jakinarazi duenez, Imanol Ansa, Buruz Buruko txapelketako egungo txapeldunak, irailaren 13ra arteko denbora izango du, joan den larunbatean Barrenetxearen aurka jasandako lesiotik guztiz osatzeko. 

Erabakia hartu da pelotariaren errekuperazioa behar bezala bermatzeko eta, egoerak hobera eginez gero, irailaren 13an Aritz Juanenea izango duen ligaxkako hurrengo neurketa jokatzeko aukera izan dezan.

Ekografia bat egin zioten eta zuntz-haustura bat antzeman zuten. Ondoren, kalte handiagoak baztertzeko, erresonantzia magnetikoa egin zioten eta honek erakutsi du deltoidearen supraespinoso tendoiaren lesioa duela, haustura longitudinal baten zantzu argiekin.

Pelotariak errekuperazio intentsiboko plana hasi du dagoeneko eta adierazi duenez, «ahalegin guztiak egingo ditut irailaren 13an kantxara itzultzeko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!