Uda atzean utzi, eta errutinara buelta!

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 6a, 00:00

Eskolara itzultzeko prest? Ondorengo lerroetan irakur ditzakezue eskolara bueltarako materialean dirua aurrezteko zenbait aholku; ikasturteari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak eskaintzen dituen bekei eta laguntzei buruzko xehetasunak; eta Dobera Euskara Elkarteak eskaintzen duen zaintza zerbitzuari buruzko informazioa. 

Modu borobilean hasi genuen iraila; astelehenarekin; hori da hori hasiera! Askok dagoeneko hartu dute laneko martxa, eta orain, etxeko txikien eta gazteen txanda da, ate joka baitago 2025-2026 ikasturtea. 

Bailarako haurren kasuan, gehienek datorren astelehenean ekingo diote berriro eskolari. Hala ere, ikasgeletara itzuli diren aurrenekoak nafarrak izan dira, izan ere, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleek dagoeneko hasi dute ikasturtea. Gainontzekoek, etzi izango dute aurreneko eguna, eta astelehenarekin batera emango diote hasiera ikasturte berriari. 

 

Familientzako kostuak txikitzeko, bigarren eskuko materiala bildu

Ikasturte hasierak, familientzat gastu haundia suposatzen du, izan ere, datuek diote, bataz beste, ikasturte hasierak 400 euro inguruko kostua izango duela familientzat, haur bakoitzeko. Adituek egindako azterketa baten arabera, Espainia mailan, eskolara itzuleraren bataz besteko kostuak gora egin du. Horrenbestez, aurtengo gastua 422,05 eurokoa izan da. %1,59 igo da aurreko ikasturtearekin alderatuta (415,43 euro); hau da, 6,62 euro gehiago ikasleko. 2018-2019 ikasturteaz geroztik, guztizko kostua % 14,88 hazi da 7 urtetan, orduko ikasleko 367,37 euroetatik.

Horrenbestez, prezio altuen egoeraren aurrean, gero eta familia gehiagok jotzen dute bigarren eskuko materialetara, hala diote, behintzat, zenbait atarik. 

OCUk (Organicación de Consumidores y Usuarios) emandako datuen arabera, eskolako material berrerabilia erosten duten familien %60 inguruk, dirua aurrezten dela uste dute, eta era berean, adierazten dute produktuari bigarren bizitza bat ematen diotela (%38). Eta iritzi orokorra da, eskola materialaren kostuak gora egin duela; hain zuzen ere, %96k uste du eskolako materialaren prezioa garestia dela, bereziki azken 2 urteetan.

Egoera ikusita, ikastolek eta ikastetxeek ere bigarren eskuko materialak erabiltzera animatu dituzte gurasoak: «gastuak gutxitu eta produktuari bigarren erabilera bat emateko».

 

78 laguntza lerro, Hezkuntza Sailak

Eskolara bueltak dakartzan gastuak kontutan hartuta, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 78 laguntza lerro ditu indarrean gaur egun, eta horien zenbateko osoa 150.861.850,078 eurokoa da 2025-2026 ikasturterako, hain zuzen. Dirulaguntza deialdi hauen artean, nabarmentzekoak dira ondorengoak: eskolaratzeko bekak eta laguntzak, hizkuntza gaitasuna eta eleaniztasuna bultzatzekoak, bokazio zientifikoak eta artistikoak sustatzekoak, edota kalitatezko indartze eta irakaskuntza programak garatzekoak.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eskaintzen duen dirulaguntza lerro bat da 2025-2026ko unibertsitateaz kanpoko bekena. Beka eskatzaileak izan daitezke, alde batetik, iaz beka jaso zutenak; eta bestetik, aurreneko aldiz eskatuko dutenak. Beka jaso zuten ikasleei dagokienez, SMS edota posta elektroniko bat iritsiko zaie, jada betetako eskaera zirriborroa eskuratzeko aukera emanez. Eskabidea telematikoki aurkeztea erabakitzen bada, SMS edota helbide elektroniko bidez emandako helbidea erabili ahal izango du erabiltzaileak, eta dagokion ikaslearen jaiotze-data sartu beharko du; jarraian, 'proposamena deskargatu' botoia sakatu. Behin deskargatuta, hiru bide daude entregatzeko: telematikoki egiaztapen kodearekin; telematikoki ziurtagiri elektronikoarekin; eta eskabide inprimakia inprimatuz, sinatuta ikastetxera eramanda.

Gainerako ikasleek, eskabide-inprimakia bi eratara eskatu dezakete; telematikoki eta modu presentzialean. Modu telematikoan,

euskadi.eus helbide elektronikoaren bidez, administrazioak onartutako edozein egiaztagiri elektronikoren bidez identifikatuta (Izenpe txartela, NANe, BAKQ edo halakorik) edo erabiltzaile berri gisa erregistratuz. Eskabide elektronikoa erabat beteta dagoenean, izapidetze telematikoa egiten jarraitu edo paperean aurkeztea aukeratu beharko du. 

Aldiz, modu presentzialean, zentroak eskabide-inprimakia emango dio eskatzaileari, eta sisteman aurrez sartutako datuekin aterako da. Eskatzaileak eskabidea beteta eta sinatuta entregatzen duenean, zentroak eskabidea erregistratu eta egiaztagiria entregatuko du. Eskatzaileak ondo gorde behar du egiaztagiria, gerora erreklamaziorik egin behar bada. Xehetasun guztiak euskadi.eus atarian daude irakurgai.

Euskal Autonomia Erkidegoan dauden ikastetxeetan unibertsitateaz kanpoko bekak, honako ikasketak egiten ari diren ikasleei bideratuta daude: Haur Hezkuntza (Haurreskolak Partzuergoko haurrak izan ezik); Lehen Hezkuntza; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza; Batxilergoa; Oinarrizko, erdi-mailako eta goi-mailako Lanbide Heziketa; Musika eta Dantzako ikasketa oinarrizkoak eta profesionalak; Arte Plastikoak eta Diseinua; Heziketa Zikloak; Kirol-ikasketak; eta Hizkuntza-ikasketak.

Doberak, zaintza zerbitzua

Azken urteetan bezala,  2025-2026 ikasturterako ere, Dobera Euskara Elkarteak, goizetan, Haur Zaintza Zerbitzua eskainiko du Langile Ikastolan, 07:30etan hasi eta 09:00ak arte. Doberak dio, eguneko lehen ordu hauetan, haurrak giro euskaldun, goxo eta ludikoan egongo direla, «eguna ahalik eta modu atseginenean hasteko. Bertan, jolasak, mahai jokoak, ipuin eta marrazteko txokoak... egin ahal izango dira». 

Urteroko zaintza zerbitzu honekin, Doberak bere helburuei eutsiko die, umeen artean euskeraren erabilera indartuz eta sustatuz. Hala ere, Hernaniko euskara elkarteak gaineratu du, beste zenbait helburu ere hartuko dituztela kontutan: «umeek hezkidetza, elkarlana eta talde sentimendua bultzatu, euskal kultura ezagutu eta lagun berriak (adin ezberdinetako haurrak elkarrekin egongo dira) ezagutzea nahi dugu».

Umeei harrera «goxoa egiteaz» Doberako hezitzaileak arduratuko dira, eta «haurrak hartzeaz gain, gurasoen oharrak ere jasoko dituzte, gero ume bakoitzaren tutoreari helarazteko. Hezitzaile hauek arduratuko dira, noski, umeak beren irakasleekin uzteaz».

DOBERAKO ZAINTZA
ZERBITZUA

Egutegia: Eskolako egutegia errespetatuko da. Irailean hasi eta ekainera arte. Astelehenetik ostiralera.

Ordutegia: 07:30etatik 09:00ak arte. Sarrera ordua malgua izango da, familia bakoitzaren beharren arabera.

Parte hartzaileak: HH2 - LH6ko ikasleak.

Non elkartu: Haurren izen emate kopuruaren arabera erabakiko da non elkartu: eraikin bakarrean edo ezberdinetan.

 

Informazio guztia hemen: dobera.eus/zaintzazerbitzualangilen

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!