Auzotar guztiak elkartzeko moduko jarduerak izango dira gaur Latsunbeberrin

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 6a, 00:00

Goizeko 10:00etan hasiko dira Iturritxo Elkartea Txapelketako pelota partiduak, eta goizaldera arte luzatuko da festa. Tartean paella jana, puzgarriak eta askotariko musika emanaldiak izango dira. 

Jennyren aerorunba saio biziarekin eta Mikeltxinen musika emanaldiarekin hasi zituzten atzo Latsunbeberri auzoko jaiak. Lehenengo eguna beti izaten da berezia, eta festarako gogoa nabaritu zen antolatzaileen zein parte hartzaileen aurpegietan. Dena den, indar pixka bat gorde zuten gaurko, festetako egun haundia baitute aurretik. 

Goizeko 10:00etan CD Hernaniko pelotari txikiek beteko dute auzoko frontoia. Iturritxo Elkartea txapelketaren hamaikagarren edizioa jokatuko dute bertan. Kanporaketako partiduekin hasiko dira gaur, eta bihar goizean jokatuko dituzte final haundiak. 

Kirol saioaz gain, jolaserako tartea ere nabarmena izango da goizean zehar; buruhaundiak, trikitilariak eta apar festa prestatu dituzte etxeko txikienek gozatu dezaten. Helduek, ordea, ondo deskantsatzeko aukera izango dute goizean, 14:00etan hasiko baita paella jate herrikoia. 

Arratsaldean, berriz, askotariko jarduerak izango dira Latsunben. Puzgarriak, ping pong txapelketa eta txokolatada prestatu dituzte haurrentzat, eta bingora jolastuko dute bazkaltzen elkartutako helduek. Gauean Mikeltxin arduratuko da berriro eguna ondo borobiltzeaz. 

Biharko menua: tortilla pintxoa eta sagardo tragoa

Bihar goizean amaituko dira Latsunbeberriko festak, baina azken egunean ere izango dira jarduera interesgarriak. Patata tortilla txapelketa egingo dute aurten ere, sari erakargarri eta guzti. Goizean zehar prestatu eta eguerdiko 12:00etan jakinaraziko dute epaimahaikideen ebazpena. Segidan Ekain Tolaretxipi eta Iker Ormazabal 'Tturko' bertsolariek saioa eskainiko dute kirol pistako oholtzatik, eta inguruko sagardotegietako sagardo dastaketa izango da egitarauko azken jarduera. 

Jaiak hasi bezalaxe amaituko dituzte: 14:00ak aldera botako dute bukaerako suziria.

 

LATSUNBEBERRIKO ETA MARIELUTSEKO JAIAK

HERNANI

GAUR

10:00 'Iturritxo elkartea' esku pelota XI Txapelketako kanporaketa fasea.

11:30 Buruhaundiak eta trikitixa auzoan zehar. 

12:00 Apar festa.

14:00 Paella jana gazte eta helduentzat. Jolas sorpresa eta bingoa izango dira. 

16:30 Puzgarriak eta ohe elastikoak balio anitzeko pistan. 

17:00 Ping pong txapelketa tenis pistan. 

18:30 Toka txapelketa helduentzat balio anitzeko pistan. 

19:30 Txokolatada balio anitzeko pistan. 

20:30 Musika MiKeltxinen eskutik balio anitzeko pistako oholtzan. 

23:00 Bingo herrikoia. 

00:00 Zezen suzkoa. 

BIHAR

10:00 'Iturritxo elkartea' esku pelota XI Txapelketako finalak. 

11:00 Patata tortilla txapelketa. Osagai moduan honakoak erabil daitezke: arrautza, patata eta tipula. Sariak: 2 afari Latxunbe tabernan, 2 afari Gunea garagardotegian eta 2 afari Karrero tabernan. 

11:00 Eskulan tailerra elkartearen lokalean. 

12:00 Patata tortillen balorazioa epaimahaikide ospetsuen eskutik eta sari banaketa. 

12:00 Bertsolariak balio anitzeko oholtzan. 

12:30 Trikitixa, giroa animatzeko. 

12:30 Sagardo dastaketa. Rufino, Gurutzeta, Akarregi, Oialume Zar, Alberro, Zelaia, Elorrabi, Itxas Buru eta Altzueta. 

14:00 Jaiei bukaera emango dien suziriaren jaurtiketa. 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!