Gaur arratsaldean egingo dute jaietako jarduera zirraragarrienetako bat: Zikuñagako Danborrada

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 6a, 00:00

Zikuñagako auzotarrak, helduak zein gazteak, elkartuta aterako dira danborrak gogotik astintzera. Urtero giro berezia sortu ohi duen jarduera izaten da danborrada, eta aurten ez da gutxiago espero.

Suzirien eta traken hotsari danborrena gehituko zaio Zikuñagan. Hernaniko zenbait auzok mantentzen duten ohitura da, eta Zikuñagan giro berezia sortu ohi du festetako larunbat iluntzean. 

Txaranga bakarrik aterako da aurrena, giroa pixkanaka berotzera. Ondoren, 20:00etan, auzoko gazteek eta helduek osatutako danborjole taldea batuko zaie musikariei, erritmoa kolpeka markatzeko helburuarekin. 

Ordubetez ia Donostiaren itxura hartuko du Zikuñagak; kantu herrikoiak jarraituko dituzte danborrarekin, eta festa giroa ziurtatuta egongo da. 

Auzokideak, elkartuta

Zikuñagako auzokide askok egiten dute bat jarduerarekin. Adin ezberdinetako jendeak hartzen du parte danborradan, eta sortzen den giroa ederra izaten da auzoarentzat. Jaietako jarduera kuttuna da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!