Kolore biziekin hasi zituzten Zikuñagako festak atzo, Holly Partyaren berezko xarmarekin. Matrakako musikariek ere ikuskizun ederra eskaini zuten, eta Zezen Suzkoaren txinpartak ikusi ondoren joan zen lotara auzoko jendea. Gaurkoan jardueraz betetako hamabi ordu dituzte aurretik Zikuñagako bizilagunek, eguerdiko 12:00etatik gaueko 00:00etara.
Denetik egiteko aukera izango dute gaur auzoan. Apaxiren ipuin kontaketarekin hasiko dute eguna, eta gastronomiarekin lotutako bi jarduerekin jarraituko dute eguerdi partean. Tortilla lehiaketa egingo dute lehenengo, eta sagardo dastaketa baten bueltan elkartuko dira gero. Jaietako larunbatean jende asko elkartu ohi da Zikuñagan, eta gaurkoan ere giro ederra sortzea espero dute Jai Batzordeko kideek.
Arratsaldean musika emanaldiak izango dira protagonista. 18:30etatik 19:30etara Ilargi Txarangak girotuko du auzoa; 20:00etan Zikuñagako Danborrada aterako da; eta 00:00etan hasiko da Itzal erromeria taldearen kontzertua. Aukera polita izango da askorentzat parranda goizaldera arte luzatzeko.
Ermita izango da bihar jaiaren erdigunea
Bihar goizean, jaien azkeneko egunean, Zikuñagako Amaren ermitara igo beharko dute auzotarrek. Bertan egingo dituzte azken jarduera gehienak, ermitaren ingurua festaren erdigune bilakatuta; 10:00etan meza hasiko da, eta jarraian Ozenki abesbatzako kideek kontzertua eskainiko dute bertan. Emanaldia bukatzen denean, 11:30ak aldera, tokara, botera eta igelera jolasteko aukera izango da.
Bazkalordua iristen denean, 14:30ak aldera, eskolara jaitsiko dira berriro Zikuñagako auzotarrak. Festak ondo borobiltzeko paella jate herrikoi baten bueltan elkartuko dira.
Bazkalostean nahibeste luzatu ondoren, traka haundi batekin amaituko dituzte aurtengo festak.
ZIKUÑAGAKO JAIAK
HERNANI
GAUR
12:00 Apaxi ipuin kontalaria.
12:30 Tortila lehiaketa. Tortilak 12:00ak arte jasoko dira.
Jarraian sagardo dastaketa.
16:30 Ginkana.
18:30 Ilargi txaranga.
20:00 Zikuñagako danborrada.
22:00 Zezen suzkoa eta su artifizialak.
00:00 Itzal erromeriarekin dantzaldia.
BIHAR
10:00 Zikuñagako Amaren omenezko meza ermitan.
Jarraian Ozenki abesbatzaren kontzertua.
11:30 Toka, bote eta igela ermitan.
14:30 Paella herrikoia eskolan.
Jarraian traka eta amaiera.