«Ez dago alternatibarik. Hau da dagoena. Hauek dira, besteak beste, gure burmuinetan iltzatu nahian bozgorailu ezberdinetatik errepikatzen zaizkigun mezuak dira», diote Hernani Burujabeko Bidea Herritar taldetik.
Indarrean dagoen eredu sozioekonomikoari bertute bat onartu behar omen zaio: «oso ondo saltzen du ez dagoela gauzak egiteko beste modurik, alternatibarik ez dagoela, alegia».
Bidea Burujabetzen Aldeko Herritar Taldeak, ordea, ez du «amu hori irentsi nahi. Ez da soilik beste eredu bat posible dela pentsatu nahi dugula, baizik eta Hernanin, egunero erakusten ari gara kapitalismo basati honi espazioak irabaztea posible dela».
Bidea Herritar Taldeko kideak, Hernani Burujabe prozesuan alternatiba horiek sortzen eta indartzen buru-belarri murgilduak gabiltza eta oraindik bide luzea egiteko dagoen arren, emaitzak begi-bistakoak dira».
Aipatzen dutenez, «eskubideak beharko liratekeenak negozio logika hutsean ulertzen dituen sistema hau, denok indartu edo ahuldu dezakegu gure eguneroko erabakiekin. Hain zuzen ere, ohar honetan, gutako bakoitzak egiten ditugun hautuek duten garrantzia azpimarratu nahi dugu. Gure hautuak ez dira neutroak. Guk hautatzen dugu, zuk hautatzen duzu: Edo merkatal eredu haundien bezero izan... edo herriko merkataritza txikia eta Hernaniko ekoizleak babestu bertako produktuak erosiz».
«Edo energia enpresa haundien bezero izan... edo herriko energia komunitateko bazkide izan».
«Edo lanak bidegabeki banatuak dauden eta negozio huts bilakatu nahi duten zaintza eredu bat indartu... edo eredu publiko-komunitario bat ardatz duen eta lanak modu justuago batean banatuak dauden zaintza eredu bat bultzatu».
«Edo baso ustiaketa intentsibo eta industrial bat sustatu... edo bioaniztasuna hobetu dezaketen ekintzen alde egin».
«Edo etxebizitzekin espekulatzea normalizatu... edo etxebizitza eskubide izateko bidean alternatibak babestu».
«Edo telekomunikazio enpresa transnazionalen bezero zara... edo Euskal Herriko telekomunikazio operadore kooperatiboen aldeko apustua egiten duzu».
«...edo gugandik geroz eta urrunago dauden eta beraien irabazi tasak handitzea beste helbururik ez dutenek dena erabaki dezaten uzten duzu... edo herritarrak ahalduntzeko, erabakitze guneak herritarrengana gerturatzeko eta burujabetza maila handiagotara eramaten gaituen Hernani Burujabe deitzen diogun prozesu honetan, bidelagun bilakatzen zara».
Amaitzeko, aipatzen duenez taldeak, «Zure hautuek eredu bat edo beste indartu dezakete. Erabakia zurea da. Guk hautatu dugu».