Irailaren 14ean denok Donostiara!

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 4a, 00:00

50 urte pasa dira, Angel Otaegi eta Juan Paredes, Txiki fusilatu zituztenetik. Beraien belaunaldian, herri honen askatasunagatik konprometitu ziren, eta horregatik, bi gazte independentista izateagatik fusilatu zituzten. Euskal Herri askearen aldeko taupada ez da inoiz gelditu eta orain gure unea da, guri dagokigu herri honen askatasunaren aldeko borrokarekin jarraitu, eta herri hau ezker eskuin astintzea. Atzera begira jartzeko ariketa egin dugu, aurrera urratsak eman ahal izateko. Azken urteetan egindako borroka zentroan jarri, eta egungo erronkei erantzuteko momentua da. Badakigu etorkizun duin baterako giltza independentzia dela, eta gure erantzukizuna da, ahalik eta gazte gehien honetara batu, eta gazte olatu independentista sortzea.

Gazteok, lehen lerroak hartu eta prest gaude jauzi berri bat emateko. Aurreko belaunaldien borrokari aitortza egiteaz gain, momentua da gure belaunaldiak ere, ekarpena egiteko.

Horregatik, Irailak 14an Donostiako kaleak hartuko ditugu. Ez soilik memoria ariketa gisa. Askatasun taupadaren indarra erakusteko, eta batez ere, herri honen etorkizuna irabaztera goazelako!

 

Iraitz Apeztegia Arrondo

Ihintza Iriarte Apezetxea

Ernai Hernaniko kideak

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!