Hernani Errotzenek historia ikastaroa eskainiko du lau egunez datorren astean Biteri kultur etxean

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 4a, 00:00

Irailaren 8tik 11ra, Euskal Herriko historiari buruz izango da eta bihar arte eman daiteke izena.

 

Hernani Errotzenek historia ikastaroa antolatuko du irailaren 8tik 11ra Biteri Kultur Etxean. Lau egunez 19:30etatik 21:30etara eskainiko da, guztira 8 ordu, eta matrikulatzeko epea irailaren 5era arte, bihar arte, izango da. 

Hernani Errotzeneko kideen hitzetan «Zer gara gu?, nor gara gu? Herri bat gara?, nazio bat gara?, euskara gara? Edward Said palestinar-estatubatuarrak esaten zuen herri bati definizioa emateko biderik hoberena bere historia idaztea (kontatzea) zela. Euskal Herriko-Nafarroako historiak beti sortu izan du jakinmina gurean, azken finean gure herriaren historia baita». Hernani Errotzen elkarteak euskalnafarren historiari buruzko ikastaroa antolatu du. 

Nabarralde Fundazioarekin elkarlanean eta Euskal Herriaren historia oinarri hartuta, Biterin emango da ikastaroa. Beñi Agirre izango da zuzendaria. Matrikula epea bihar arte izango da edukiera mugatua izango baita eta izen emate ordena lehenetsiko da kopurua osatu arte. Izena ematea eta informazioa e-maila idatziz emango da honako helbidean: errotzen@gmail.com (izen abizenak jarrita). Matrikula eta materialaren kostua 20 euroko da. 

 

'Sorgin Ehiza 1525-2025' erakusketa Biterin dago ikusgai irailaren 24ra arte

Aurten, 500 urte betetzen dira Nafarroa Garaian sorginkeriaren aurkako lehenengo prozesua gertatu zenetik. Horren berri emateko Hernani Errotzenek erakusketa antolatu du eta pasa den astelehenentik irailaren 24ra arte egongo da ikusgai Biterin. 17 panel jarri dira “sorginkeria prozesu” haien datu garrantzitsuenak laburbiltzen dituztenak, oso modu bisualean; halaber, garaiko agintari zibil eta inkisidoreen jazarpenari buruzko informazio nagusiak ere. Kultur Etxea zabalik dagoen ordutegian izango da ikusgai. Gainera bihar bigarren bisita gidatua egingo da arratsaldeko 18:30etan hasita, eta irailaren 9an, asteartean goizeko 10:30etan hirugarrena egingo da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!