HERNANIKO Udalak jakinarazi du Luis Intxauspe alkatea Memoriaren Institutuan izango dela bihar, Iñigo Urkullu lehendakariak antolatutako ekitaldian parte hartzeko, EAEko 128 alkateren artean. Helburua da indarkeria politiko ezberdinen eraginez hildakoen berri ematen duen mapa jasotzea; Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritzak egindako ‘Memoriaren erretratoak’ lana, hain zuzen.
«Hernaniko Udalak otsailean aurkeztu zuen Euskal Memoriak egindako dokumentua, Hernanin izandako indarkeria politikoaren eragina jasotzen zuena», eta herritarren ekarpenak ere jaso zituen, «gure herriko gertaeren zerrenda eta memoria denon artean osatzeko».
Bihar jasoko duen mapa «memoria osatzeko bide horretan kokatzen du Udalak, eta Hernanin aurretik egindako lanarekin alderatu beharko dugu, ea memoriaren osaketan gure herriaren gertaera guztiak jasotzen ditugun. Egia osoa jasotzea beharrezkoa baita, errekonozimendu eta erreparazio bidean bizikidetza sustatu nahi badugu».