Indartsu dator aurtengo Merkataritza Festa, Hernanin. Irailaren 12an izango du hitzordu nagusia, ostiralez, egun osoko festarekin; baina ez dute egun bakarrera mugatu egitaraua: asteartetik aurrera, tailerrak, bisita gidatua eta mahai ingurua izango dira, lau eguneko egitaraua osatu baitute.
Gainera, elikadura burujabetza izango du ardatz aurtengoak, 'Gure lurra, gure jatekoa' leloarekin. Horretarako, elkarlanean ari dira Hernaniko Merkataritza Mahaia, Udalak, Berriak elkarteak eta Ekhilurrek osatzen dutena; eta Hernani Burujabeko Elikadura Mahaia, Udala, HENASE, Herrilur eta Bertatik Elikatuz partaide dituena.
Atzo aurkeztu zituzten festaren nondik norakoak, Plaza Berrin bilduta: Patxi Ibarguren Merkataritza eta Tokiko Garapeneko zinegotziak, Nagore Alvarez Berriak elkarteko lehendakariak, Alex Lopez Ekhilurreko dinamizatzaileak, eta Oihana Aristegi Hernani Burujabeko Elikadura Mahaiko kideak. Gonbitea luzatu zieten Hernaniko eta inguruko herritar guztiei, festan parte hartzeko: «Tokiko merkataritza zaintzen badugu, denok irabazten dugu», aldarrikatu dute.
Ibargurenek azaldu zuen, Elikadura Mahaiaren proposamenez erabaki zutela aurtengo festaren erdigunean elikadura burujabetza jartzea, eta «ilusioz» hartu zutela elkarlanerako proposamena: «Festa honekin eragileen sarea indartzen dugu, proiektuak ezagutarazi eta sektoreko eragileek egindako lana balioan jarri». Aristegik gaineratu zuen erakutsi nahi dutela «badauzkagula herrian bertan ekoitzi, eraldatu, saldu eta kontsumitzen diren produktuak», elikadura kate osoa balioan jarriz. Eta Alvarezek nabarmendu zuen komertzioek «komunitatearekiko duten lotura indartzen» duela Merkataritza Festak.
Tailerretan, izenematea zabalik
Hainbat tailer eskainiko dituzte aurtengo Merkataritza Festaren baitan, eta hain juxtu, horiek emango diote hasiera egitarau zabalari: elikadura jasangarriari buruzkoa, fruta-kontserba begetalena, kafea egitekoa... Horietan, izenematea dagoeneko zabalik dago. Ostegunean mahai inguruak hartuko du protagonismoa, elikadura burujabetza ardatz; eta ostiralekoa izango da egun nagusia, goizetik iluntzera. Egun horretan, gainera, Ekhilurrekin ordaintzen dutenek hobari gehigarriak (%5 eta %3) izango dituzte Ekhilurreko bazkide diren establezimenduetan.
Eta hitzaldi zein tailerretan parte hartzen duten herritarrek, Merkataritza Festako lotetxoa jasoko dute opari.