Hitzordu «berezia eta ezberdina» gaur Donostian, Kontxako Banderaren sailkatze estropadarekin

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 3a, 00:00

Hernaniko arraunlariak, aurreko estropada batean. Argazkia: Jose A. Rodriguez

Emakumezkoen kanporaketa jokatuko da gaur, 18:00etan hasita Donostian. Txartela lortzeko aukera gutxirekin, ahalik eta saio onena egin nahi du Hernaniko 'Maialen' traineruak. Bailarako hainbat arraunlari ariko dira pase preziatua lortu nahian, Gipuzkoako beste talde batzuekin.

 

Festa giroak hartuko du egunotan, beste urte batez, Donostiako Kontxako badia. Urteko estropadarik garrantzitsuena gainean da, eta gaur jokatuko da Kontxako Banderaren sailkatze estropada, emakumezkoetan. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da, 21 trainerurekin; eta tartean izango da Hernaniko 'Maialen' trainerua ere, noski. Zazpi txartel izango dira jokoan, zortzigarrena dagoeneko ziurtatuta baitauka Arraun Lagunakek, Maren Etxabe hernaniarraren taldeak, Euskotren Ligako talde donostiar onena izanagatik.

Traineru berdeak oso oso zaila izango du ezustekoa eman eta txarteletako bat lortzea, eta ahalik eta saio onena egiten saiatuko da, haientzat «berezia eta ezberdina» den estropadan. «Urduritasuna gainditu eta gure maila onena ematen badugu, emaitza polita lortuko dugu», adierazi du Asier Ocon entrenatzaileak. Egun berezia izanik, herriko arraunzaleei gonbitea luzatu diete Donostiara joan eta trainerura hurbildu daitezen, Portaletas ondora, estropadaren aurretik eta ondoren. Nahi duenak, aukera izango du trainerua bertatik bertara ikusi eta arraunlariekin argazkiak ateratzeko. «Eskertuko dugu jendearen berotasuna», adierazi dute.

Bailarako zazpi arraunlari, txartel preziatuaren bila

'Maialen' trainerukoak ez dira izango Urumeako arraunlari ba­karrak gaurkoan. Izan ere, datozen bi igandeetarako txartel preziatua lortu nahian ariko dira bailarako zazpi arraunlari, Gipuzkoako beste traineru batzuen tostetan. Euskotren Ligako taldeetakoak dira asko: Donostiarrarekin ariko da June Balda astigartarra; Hibaikarekin Amaiur Olaiz astigartarra eta Nora Urbe hernaniarra; Hondarribiarekin Miren Garmendia eta Maider Perez hernaniarrak; eta Tolosaldearekin Jone Pastor hernaniarra. Maila nagusikoak izanik, txarteletako bat nahi dute denek. Eta hala nahi du Zarautzen ari den Nahikari Qian Artano astigartarrak ere: denboraldi borobila osatu dute, ETE Liga irabazita; eta Kontxan borobildu nahi dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!