Gaur zabalduko da Hernaniko Udal Euskaltegiko matrikulazio epea

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 2a, 00:00

Irailaren 24ra arte apuntatu daiteke, eta gutxienez matrikularen %70 diruz lagunduko du Hernaniko Udalak, eta %90ekoa izango da dirulguntza herritar batzuen kasuan.

Irailean hasiko du ikasturte berria Hernaniko Udal Euskaltegiak, eta gaur bertan zabalduko du matrikulazio epea. Hilaren 24ra arte izango da apuntatzeko aukera, eta hiru bidetatik eskainiko diete arreta interesa dutenei, astelehenetik ostiralera, 09:30etatik 13:30etara eta 16:30etatik 19:30etara: Udal Euskaltegian bertan (Karobieta, 63), euskaltegi@hernani.eus helbidera idatzita, edota 943 33 18 96 telefonora deituta.

Euskera ikasi edo hobetu nahi dutenek, eskaintza zabala topatuko dute Udal Euskaltegian: maila guztietako eskolak, aurrez aurreko saioekin edota autoikaskuntzarako aukerekin. Euskera titulu ofizialak prestatzeko eskolak ematen dituzte, eta HABEren titulu ofizialak euskaltegian bertan lortzeko aukera ere badago.

Gainera, beste urte batez, Hernaniko Udalak diruz lagunduko ditu euskaltegiko matrikulak, «euskera ikastea edonoren eskura egon dadin». Hori horrela, Hernanin erroldatuta dauden guztien kasuan, matrikularen %70a bere gain hartuko du Udalak, gutxienez.

Izan ere, dirulaguntzaren zenbatekoa haundiagoa da langabetuen, ikasleen, erretiratuen eta aniztasun funtzionala duten herritarren kasuan: haien matrikularen %90a hartuko du bere gain Hernaniko Udalak.

Eta era berean, prezio berezia izango dute, HABEri esker, A1 eta A2 mailetako ikasle guztien matrikulek, eta baita C1 mailako 16-18 urteko ikasleen matrikulek ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!