Bueltan da Udako Zinemaldia, iraileko lehenengo asteko gauak girotzeko. 10garren urtez jarraian antolatu du Potemkin Taldeak, eta pelikula bana jarriko dute irailaren 4ean, 5ean eta 6an, iluntzeko 21:00etan hasita. Goiz Eguzkiko kanpoaldean izango dira emanaldi guztiak, betiere eguraldi ona eginez gero. Bestela, jubilatuen egoitzaren barrura mugituko dute saioa.
'Los niños' filmarekin hasiko dute zinemaldia, ostegun iluntzean. 2016ko pelikula txiletarra da, Maite Alberdik zuzendutakoa; eta honakoak dira aktore nagusiak: Andres Martinez, Rita Guzman, Daniel Mehech, Rodrigo Carrasco, Nicole L'Hussier eta Rodrigo Gonzalez. Down sindromea duen lagun talde bat da protagonista. 40 urte daramazkite eskola berera joaten, kurtso guztiak gainditu zituzten, eta irakasle guztiek baino denbora gehiago daramakite bertan. Haien gurasoak ere ez daude dagoeneko. Orain, 50 urterekin, lortu nahi dute inork ez ditzan haur bezala ikusi, lan hobe bat lortuz, edonork bezala dirua irabaziz eta beren burua zaintzen ikasiz. Edozer egingo dute, inork ez ditzan oztopatu haien helduaroko ametsak.
'Conducta' izango da ostiraleko filma, 2014ko pelikula kubatarra, Ernesto Daranasek zuzendutakoa. Chala izeneko 11 urteko mutikoa da protagonista (Armando Valdés Freyre). Biolentzia giroan bizi da, ama drogazalea eta alkoholikoa du, eta borroka-txakurrak entrenatzen ditu etxerako diru-iturri gisa. Gatazka-giro hori eskolan ere azaleratzen du tarteka, eta Carmela da bere irakaslea (Alina Rodriguez). Harekin harreman berezia dauka, kolokan jarriko duena haien jarraipena eskolan. Valdésekin eta Rodriguezekin batera, aktore nagusien taldea osatzen dute Silvia Aguilarrek, Amando Miguel Gómezek eta Miriel Cejasek.
Pelikula txinatar batekin emango diote bukaera aurtengo zinemaldiari, larunbatean: 'Black Dog', Guan Huk 2024an zuzendutakoa. Eddie Peng, Tong Liya, Jia Zhangke, Zhang Yi, Zhao Yi eta Vision Wei dira aktore nagusiak, eta Gobi basamortuaren inguruan kokatzen da istorioa, Txinako iparraldean. Lang preso ohia bere jaioterrira bueltatuko da Pekingo Joko Olinpikoak hasi aurreko egunetan. Bere herria erdi erorita eta hutsa topatuko du, apenas bizi da inor bertan. Txakur beltz babesgabe bat ezagutuko du, eta bidelagun hartuko du bere ibilbidean, herrian barrena.
Hiru filmak jatorrizko hizkuntzan eskainiko dituzte: aurreneko biak, gaztelaniaz; eta 'Black Dog' txinatarrez, azpitituluekin. Film horien bitartez, «ikuspuntu desberdinak» eskaini nahi izan ditu Potemkin Taldeak. Izan ere, nabarmendu du «mendebal-zentrista» dela «gaur egun ikusten ditugun film gehienetako ikuspegia».