Atzo agurtu zituzten festak Portu auzoan euria protagonista izan zelarik, azken traka tarteko. Ekitaldietan zehar jende ugari ibili zen auzoan, bai goizean, baita arratsaldean ere euriari aurre eginez.
Plaza betetzen hasi zen goizeko bertso saioarekin batera. Sagardo dastaketarekin jo zuen goia. Portu auzoko arkupeetan babestu zen jendea sagardoa eta pintxoa eskatu eta gero. Uneoro ibili zen jendea, baita Gure Nahia Elkartasuna elkartearen postuan ere. Dastaketan bildutako dirua elkartearentzat zen, eta informazioa banatzen aritu ziren elkarteko kideak. Giro bikaina izan zen.
Arratsaldean, bigarren hitzordu nagusia herri kirolak izan ziren. Ikuskizun bikaina eskaini zuten bildutakoen gozamenerako Malen Barrenetxea, Nerea Arruti, Karmele Gisasola, Maika Ariztegi, Ibai Soroa eta Hodei Ezpeleta 'Bihurri' aizkolariek, baita Jokin Eizmendi eta Mikel Lopetegi 'Urra' harrijasotzaileek ere.
Festen amaiera usaina gerturatzen zihoan, gaua gerturatzen zen bezala. Iratzar taldeak girotu zuen plaza azken ordu hauetan. 00:00etan itxiera ekitaldia izan zen, zezensuzkoarekin, eta azken trakarekin batera agurtu zituzten jaiak.