Sagardo dastaketa eta herri kirolak, euritan dantzan jaiei amaiera emateko

Kronika - Erredakzioa 2025ko abu. 31a, 00:00

Mozorrotuta paseoan ibili ziren helduak asto gainean jendearen begiradapean.

Bertsolariak eta txistulariak ere auzotik ibiliko dira, jaien azken eguna girotzen, eta gauean Iratzar taldearekin batera agurtuko dituzte aurtengo jaiak, dantzaldia eginez.

Portuko Jaiak gaur amaituko dira euritan dantzan. Eguraldi iragarpenak euria ematen du ia egun guztian zehar. Gaur ere suziri jaurtiketarekin hasiko dute eguna, eta dianak Portuko auzotarrak esnatuko ditu, txistularien laguntzarekin. Meza ere izango da, auzoko hildakoen omenez, San Joan bataiatzailearen parroki elizan. Ordu berean, Hernaniko bertso eskolako bertsolariek saioa eskainiko dute, Portuko plazan.

Sagardo dastaketa ere izango da aurtengo festen azken egunean, eta antolatzaileek aditzera eman dute bildutako dirua Gure Nahia Elkartasuna elkartearentzat izango dela, «Gipuzkoako gaixotasun arraroak dituzten haurren aldeko elkartea da honakoa». Ondorengoak izango dira sagardotegi partehartzaileak: Altzueta, Oialume-Zar, Olaziola, Eula, Akarregi, Alberro, Elorrabi, Iparragirre, Artola, Itsasburu, Rufino eta Gurutzeta.

Bazkaldu aurretik, XLIX. Toka eta bote txapelketa jokatuko dute, eta segidan, festen azken egunerako bazkari ederra prestatu dute jai batzordeko kideek. Arratsaldean, herri kirol erakustaldia izango da Portuko plazan, eta ondorengoak dira lanean egongo direnak; aizkoran, Malen Barrenetxea, Nerea Arruti, Karmele Gisasola, Maika Ariztegi, Ibai Soroa eta Hodei Ezpeleta; harria jasotzen, berriz, Jokin Eizmendi eta Mikel Lopetegi 'Urra'.

Jarraian Portu auzoko festei amaiera zaie, Iratzar taldearekin, zezen suzkoarekin eta azken trakarekin.

 

EGITARAUA

PORTUKO JAIAK

GAUR, IGANDEA

08:00 Egunsentia, suzirien jaurtiketekin. 

09:30 Diana txistulariekin. 

12:00 Meza, auzoko hildakoen alde, Hernaniko parrokian. 

12:00 Hernaniko Bertso Eskolako bertsolarien saioa. 

12:30 Sagardo dastaketa solidarioa: Bildutako dirua Gure Nahia Elkartasuna elkartearentzat izango da.  

13:00 XLIX. Toka eta Bote txapelketa. Apuntatzeko epea 12:50etan amaituko da. 

14:30 Bazkaria. 

18:30 Herri kirolak. Aizkolariak: Malen Barrenetxea, Nerea Arruti, Karmele Gisasola, Maika Ariztegi, Ibai Soroa eta Hodei Ezpeleta 'Bihurri'. Harrijasotzaileak: Jokin Eizmendi eta Mikel Lopetegi 'Urra'. Jarraian Iratzar taldearekin dantzaldia. 

24:00 Jaien amaiera Iratzar taldearekin. Zezen suzkoa eta azken traka.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!