Aurten ere, Hernaniko Udalak udalerrian etxebizitzak alokairuan hartzeko dirulaguntzak bideratuko ditu. Guztira, 210.000 euroko partida erreserbatu du horretarako, horietatik 105.000 euro gazteen modalitaterako (18-35 urte) eta beste 105.000 euro helduen modalitaterako (36 urtetik gora).
Dirulaguntzak bi helburu nagusi ditu: bereziki pertsona gazteei laguntzea euren emantzipazio bidean eta, modu orokorrean, herrian etxebizitzen alokairua sustatzea.
Izena emateko epea irailaren 1etik 30era izango da eta baldintzak argitaratu dira
Diruz lagunduko diren alokairu-gastuak 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 artekoak izango dira. Dirulaguntzak jasotzeko izena emateko epea astelehenetik, irailaren 1etik irailaren 30era izango da. Bakarka edo bizikidetza-unitate gisa eskatu daiteke.
Aurreko urtetan bezala, Udalaren dirulaguntza hau, helburu berarekin (edo antzekoekin) ematen diren beste dirulaguntzekin bateraezina da: Gaztelagun, RGI, Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoa... Horrek esan nahi du, dirulaguntza horiek eskatzeko baldintzak betetzen dituztenek ezin dutela Udalarena eskatu.
Erroldari dagokionez, bizikidetza-unitateko pertsona guztiak dirulaguntza jasoko duen etxebizitzan erroldatuta egon beharko dute 2025eko irailaren 30a baino lehen, eta Hernanin erroldatuak gutxienez 6 hilabeteko antzinatasunarekin (etenik gabe). Erroldak eta alokairu kontratuak bat etorri behar dute adin nagusiko pertsonen kasuan.
Alokairu-gastuei dagokionez gehienezko errenta hilean 750 eurokoa izango da. Bizikidetza-unitateko diru-sarreren mugak: Bakarka: 28.000 euro garbi urtean. Kide bat baino gehiago: 39.000 euro garbi urtean. Onuradunak jaso dezakeen urteko gehienezko dirulaguntza 3.600 euro izango da.
2025eko deialdia uztailaren 3an argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Dirulaguntzaren oinarriak eta eskaera-orria eskuragarri egongo dira udal webgunean eta Herritarren Harreta Zerbitzuan-hhz. Eskaera-orria, beharrezko dokumentazioa atxikituta, udal erregistroan aurkeztu behar da.
Informazio gehiagorako etxebizitza@hernani.eus helbidera idatzi daiteke edo 943 57 54 33 telefono zenbakira deitu.