Oporren amaiera iragarriko dute aurten ere, Portuko San Joan txiki jaiek. Gaurtik hasita igandera arte, ekintza mordoa antolatu dituzte Portuko jai batzordeko kideek adin guztietarako herritarrentzat.
Eguerdiko 12:00etan botako dute txupinazoa, baina aurretik, zenbait ekintza egingo dituzte, beroketa gisa; hala nola, marrazki eta pintura lehiaketa goizeko 10:00etan, haurrentzako puzgarriak, parke txikia, olla eta ohe elastikoen irekiera; eta urteroko ohiturari eutsiz, Txapeteri lore eskaintza, 11:30etan.
Suziriak eztanda egin bezain pronto, buruhaundi eta erraldoiak aterako dira auzoko kaleetara txistularien laguntzarekin, auzokoen bizkarrak berotu eta festak girotzera. Eguerdiko 13:00etan, auzoko gazteek goizean egindako marrazkien erakusketa jarriko dute, plazako arkupeetan. Arratsaldean, berriz, etxeko txikientzako haur jolasak prestatu dituzte, eta beraz, zilipurdika eta korrika ibiltzeko tarte ederra izango dute zaku karreran, lokotxetan, aulki jokoan, eta ura eta irinaren jolasean. Jokuak amaituta, Txapeten omenez lorontzi ederrenari saria emango zaio, eta segidan, txokolate bero eta goxo batez gozatzeko aukera izango dute auzotarrek.
Gaualdera, XXXIII. Sardin jate herrikoi baten bueltan bilduko dira denak, eta festak jarraipena izango du gaueko 23:00etan hasiko baita Alaiki musika taldea.
Bihar goizetik esnatuko da Portu auzoa suziri jaurtiketekin, eta egunak jarraipena izango du haurrentzako prestatutako jolasekin. Eguerdian, zinta lasterketan parte hartzeko aukera izango dute herritarrek eta antolatzaileek azaldu dute sekulako opariak emango dituztela. Segidan bi txapelketa jokatuko dira; batetik, tiro karabina txapelketa; eta bestetik saskibaloi txapelketa, 21 tantura.
Bazkalostean haurrentzako tailerrak egingo dira, eta 18:00etan, astoak izango dira Portuko protagonista nagusiak, auzoko kaleetan zehar paseoa emanez.
Aurten, Patxin eta Potxinek ez dute ohi moduan emanaldia eskainiko, eta horrenbestez, Portuko jai batzordeak urte luzez Portuko jaietan emanaldia eskaintzeagatik eskertza ekitaldia eskainiko diete. Segidan, Zapotxin pailazoak hartuko du lekukoa, 'Mundu bat maletan' ikuskizuna eskaintzeko. Era berean, aurtengo jaietan berrikuntza gisa, pintxo potea antolatu dute txosnan, Zapotxinek emanaldia eskaini bitartean.
Umeek dantzako parada ere izango dute arratsaldean, Itzal musika taldearekin batera, eta segidan denak elkarrekin afalduko dute, gauerako indarrak hartzeko. Itzal taldeak jarraituko du afalostean giroa jartzen, eta jarraian, DJ Ikerrek parrandarako aitzaki ederra jarriko die auzokoei, festa-musika pintxatuz.
Portuko jaien azken eguna
Etzi ere suziri jaurtiketarekin hasiko dute eguna Portun, eta dianak Portuko zenbait auzotar esnatuko ditu, txistularien laguntzarekin. Meza ere egingo da etzi, auzoko hildakoen omenez, San Joan bataiatzailearen parroki elizan. Ordu berean, Hernaniko bertso eskolako bertsolariek saio ederra eskainiko dute, Portuko plazan.
Sagardo dastaketa ere izango da aurtengo festen azken egunean, eta antolatzaileek aditzera eman dute bildutako dirua Gure Nahia Elkartasuna elkartearentzat izango dela, «Gipuzkoako gaixotasun arraroak dituzten haurren aldeko elkartea da honakoa». Ondorengoak izango dira sagardotegi partehartzaileak: Altzueta, Oialume-Zar, Olaziola, Eula, Akarregi, Alberro, Elorrabi, Iparragirre, Artola, Itsasburu, Rufino eta Gurutzeta.
Bazkaldu aurretik, XLIX. Toka eta bote txapelketa jokatuko dute, eta segidan, festen azken egunerako bazkari ederra prestatu dute jai batzordeko kideek. Arratsaldean, herri kirol erakustaldia izango da Portuko plazan, eta ondorengoak dira lanean egongo direnak; aizkoran, Malen Barrenetxea, Nerea Arruti, Karmele Gisasola, Maika Ariztegi, Ibai Soroa eta Hodei Ezpeleta; harria jasotzen, berriz, Jokin Eizmendi eta Mikel Lopetegi 'Urra'.
Jarraian festei amaiera zaie, Iratzar taldearekin, zezen suzkoarekin eta azken trakarekin.
PORTUKO JAIAK
GAUR, OSTIRALA
10:00 Marrazki eta pintura lehiaketa.
11:00-13:30 Haurren Parkinga: puzgarriak, ohe elastikoak, parke txikia, olla.
11:30 Txapeteri lore eskaintza
12:00 Jaien hasiera, suzirien jaurtiketarekin. Aldi berean, buruhaundi eta txistularien irteera.
13:00 Auzoko gazteek egindako marrazkien erakusketa.
16:00-19:00 Haurren Parking-a
17:00 Haur jokoak: zaku karrera, aulki jokoak, lokotxak, eta ura eta irinaren jolasa.
18:00 Txapeteren omenez Lorontzi lehiaketa. Ondoren Txokolatada
20:00 XXXIII. Sardin jate herrikoia.
23:00 Alaiki musika taldea.
BIHAR, LARUNBATA
08:00 Egunsentia, suzirien jaurtiketarekin.
11:30 Haur jokoak: zaku karrera, aulki jokoak, lokotxak, eta ura eta irinaren jolasa.
13:00 Zinta lasterketa izugarrizko opariekin. Jarraian Tiro karabina txapelketa.
Aldi berean Saskibaloi txapelketa
16:30 Umeentzako tailerrak.
18:00 LXXII. Asto paseoa, Zintzarri tabernak babestua.
19:00 Patxin eta Potxin pailazoei eskeratza ekitaldia. Ondoreng 'Mundu bat maletan' Zapotxin pailazoaren ikuskizuna.
Ordu berean, pintxo potea txosnan (arroka-muskuiluak)
Jarraian, Umeentzako dantzaldia, Itzal musika taldearekin. Ondoren Afaltzera gauerako indarrak hartzeko!.
24:00 Dantzaldia Itzal musika taldearekin.
Amaieran, DJ Iker
ETZI, IGANDEA
08:00 Egunsentia, suzirien jaurtiketekin.
09:30 Diana txistulariekin.
12:00 Meza, auzoko hildakoen alde, Hernaniko parrokian.
12:00 Hernaniko Bertso Eskolako bertsolarien saioa.
12:30 Sagardo dastaketa solidarioa: Bildutako dirua Gure Nahia Elkartasuna elkartearentzat izango da.
13:00 XLIX. Toka eta Bote txapelketa. Apuntatzeko epea 12:50etan amaituko da.
14:30 Bazkaria.
18:30 Herri kirolak. Aizkolariak: Malen Barrenetxea, Nerea Arruti, Karmele Gisasola, Maika Ariztegi, Ibai Soroa eta Hodei Ezpeleta 'Bihurri'. Harrijasotzaileak: Jokin Eizmendi eta Mikel Lopetegi 'Urra'. Jarraian Iratzar taldearekin dantzaldia.
24:00 Jaien amaiera Iratzar taldearekin. Zezen suzkoa eta azken traka.