Hernani Errotzenek historia ikastaroa antolatuko du irailaren 8tik 11ra Biteri Kultur Etxean. Lau egunez 19:30etatik 21:30etara eskainiko da, guztira 8 ordu, eta matrikulatzeko epea irailaren 5era arte izango da.
Hernani Errotzeneko kideen hitzetan «Zer gara gu?, nor gara gu? Herri bat gara?, nazio bat gara?, euskara gara? Edward Said palestinar-estatubatuarrak esaten zuen herri bati definizioa emateko biderik hoberena bere historia idaztea (kontatzea) zela. Euskal Herriko-Nafarroako historiak beti sortu izan du jakinmina gurean, azken finean gure herriaren historia baita». Hernani Errotzen elkarteak euskalnafarren historiari buruzko ikastaroa antolatu du.
Nabarralde Fundazioarekin elkarlanean eta Euskal Herriaren historia oinarri hartuta, Biterin emango da ikastaroa. Beñi Agirre izango da zuzendaria. Matrikula epea irailaren 5era arte izango da edukiera mugatua izango baita eta izen emate ordena lehenetsiko da kopurua osatu arte. Izena ematea eta informazioa e-maila idatziz emango da honako helbidean: errotzen@gmail.com (izen abizenak jarrita). Matrikula eta materialaren kostua 20 euroko da.