Larunbatean, hilaren 30ean, jokatuko da aurtengo presoen aldeko Futbol 7 Txapelketa Zubipe futbol zelaian. Azken urteetan bezala, goizean jokatuko da futbol txapelketa, eta festarako baliatuko dituzte eguerdia eta arratsaldea.
Egun osoko egitaraua prestatu dute hilaren 30erako. Bazkari baten bueltan elkartuko dira txapelketaren ondoren, eta bazkalostean musika saioa eta zozketak izango dira. Herriko komertzioetako produktu ugari lortzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Sorpresak ere ez dira faltako.
Musika eta zozketak
Futbol 7 txapelketan parte hartzeko, gutxienez 7 kide izan behar ditu talde bakoitzak, eta hiru modu daude apuntatzeko: Garin Herriko Tabernako zerrendan apuntatuta, 608 74 52 67 telefono zenbakira idatzita edo @futbol7hernani instagram kontura mezu bat bidalita. Partiduak irabazi eta finalera iristen diren bi taldeek otordu bana irabaziko dute, eta azken partidua ikusten geratzen direnen artean beste bat zozketatuko dute.
Futbol txapelketan bakarrik parte hartzen dutenek 10 euro ordaindu beharko dituzte; bazkarira bakarrik doazenek 12 euro; eta bietan parte hartzeko asmoa dutenek 15 euro.
Talde osaketa goizeko 08:30etan izango da Zubipen. Talde kopuruaren arabera antolatuko da txapelketaren formatua. 09:00etan hasiko dira partiduak eta finalaren ondoren amaituko da txapelketa eguerdian. Ondoren, 14:30etan bazkaria Atsegindegin egingo da.