Hernani Kontxara begira jarri da, ETE Liga bere mailarik hoberenean eta sentsazio onekin amaituta

Kronika - Erredakzioa 2025ko abu. 26a, 00:00

Hernaniko traineruak denboraldi ona osatu du ETE Ligan. Argazkia Hernani AE.

Bilboko estropadan seigarren izan zen trainerua eta Liga zazpigarren amaitu du, denboraldi erregularra osatuz. Amaitzeko estropada bakarra falta zaio Maialeni, Kontxa, eta sailkapen estropada irailaren 3an izango da.

Larunbatean amaitu zen ETE Liga eta Hernaniko Maialen traineruak seigarren postu batekin eman dio bukaera aurtengo denboraldiari, Ligari dagokionez. Hernaniarrek estropada ona burutu zuten, 11:15.76ko denborarekin, eta Isuntza (11:18.02), Portugalete (11:21.02) eta Camargo (11:59.08) atzean utzi zituen. Gainera, laugarren eta bosgarren postuak gertu izan zituen. Ondarroak (11:11.98) hiru segunduko aldea atera zion Hernaniri eta Deustok (11:13.41), bi segundu. 

Bilboko estropada Aste Nagusiaren barruan jokatu zen eta erlojuz kontrakoa izan zen. Hernanik lehia oso estua izan zuen estropada guztian zehar aipatutako Ondarroa, Deusto eta Isuntzarekin, baita Portugaleterekin ere. Ziabogan bost ontziak bi segunduren barruan kokatu ziren: Ondarroa (5:44), Deusto (5:44), Portugalete (5:45), Hernani (5:46) eta Isuntza (5:46). Bueltakoan hernaniarrek Portugalete aurreratu zuten.

 

Juanjo Etxarte hernaniarra da, Zarautz ETE Ligako garailearen entrenatzailea

ETE Liga zazpigarren amaitu du Hernanik, 51 punturekin. Garailea Zarautz izan da 126 punturekin eta lehia ezin estuagoa izan dute zarauztarrek San Juanekin. Azken estropadan erabaki zen dena. Zarauztarrek bi punturen aldea zuten Pasa Donibaneko traineruarekiko. Ziabogan San Juan aurrena zen eta Zarautz, hirugarren. Beraz puntuetan berdinduta eta azken estropadaren emaitza kontuan izanda, San Juan zen Ligako garaile. Hala ere, Zarautzek erreakzionatu zuen eta nahiz eta helmugan bigarren izan, sanjuandarrengandik 25 ehunenekora, ETE Liga Zarautzek irabazi du puntu bakarreko aldearekin. 

Hirugarren Kaiku sailkatu da 103 punturekin; laugarren, Ondarroa 88 punturekin; bosgarren Deusto, 73 punturekin; seigarren, Isuntza 58 punturekin; zazpigarren Hernani, 51 punturekin; zortzigarren, Portugalete 35 punturekin; eta bederatzigarren Camargo, 15 punturekin. 

Zarautzeko entrenaitzailea gainera hernaniarra da. Juanjo Etxartek zuzentzen du Enbata zarauztarra eta garaipenaren zati bat Hernanira etorri da. 

 

Azken estropada falta da

ETE Liga amaitu arren, denboraldia ez da oraindik bukatu. Hernanik Kontxako sailkapen estropadan parte hartuko du datorren irailaren 3an, asteazkenean. Hernaniren helburua bere mailarik onena ematea da eta Euskotren Ligako traineruekin alderatuta euren maila nolakoa den ikustea. Aurten ikusi dute ETE Ligako traineru indartsuenengandik ez daudela horren urruti eta horrek motibazioa emango die arraunlariei. Sailkapen estropada erlojuz kontra izaten da eta aurten egin dituzte estropada batzuk, Ligako azkena esaterako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!