Udara izanagatik, ez dute atsedenik hartzen esku pelotariek; eta txapelketa ofizialik ez izan arren, torneo batetik bestera dabiltza, bereziki afizionatu mailakoak. Hala, hitzordu garrantzitsua daukate bi hernaniarrek gaur, Donostiako Alde Zaharrean, Trinitate plazako frontoian: Abuztuak 31 Txapelketaren semifinala jokatuko dute Xabier Apaolazak eta Xabier Salaberriak, elkarren kontra, seniorretan. Alde Zaharra taldeko Atxarekin ariko da Apaolaza, eta Lapkeko Goiburu izango du bikotekide Salaberriak, arratsaldeko 17:00etan hasiko den jaialdian.
Aurretik, gainera, beste hernaniar batek ere jokatuko du kadete mailako semifinala: Oier Arsuagak. Beti Onak taldeko Munduaterekin bikotea osatuta, Aurrera Leitzako Baleztena eta Tolosako Olano izango ditu aurrean. Jubenil mailakoa izango da jaialdiko bigarren partidua, baina horretan ez da Urumea bailarako esku pelotaririk izango. Eta ezta beste hiru semifinaletan ere: abuztuaren 28an jokatuko dira horiek. Finalak hilaren 31n izango dira, noski.