Abuztuko egitarau bereziaren barruan, Chillida Lekura doako irteera antolatu du Hernaniko Udaleko Adinekoen Sailak, datorren asteazkenerako. 65 urtetik gorako herritarrek izango dute parte hartzeko aukera, baina plazak mugatuak direnez, aldez aurretik eman behar zuten izena, Biteri kultur etxean edo 943 57 54 31 telefonoan.
Museora bisita eginda borobilduko dute oporraldiko ekintza sorta adinekoek. Asteazkenero izan dute ekintzaren bat uztailean eta abuztuan, goizez. Herriko zuhaitz eta landareak ezagutu zituzten, musika saioak egin, bingoan, kaleko jokoetan eta mahai jolasetan aritu, zineaz gozatu, ariketa fisikoa egin...
Ekintza eta jarduera eskaintzak nabarmen behera egin ohi duen bi hilabeteotan, aisialdiaz gozatzeko aukera izan dute adinekoek, astean behin.