Gaur zortzi arte daukate epea ostalariek, Bakailu Astean izena emateko

Kronika - Erredakzioa 2025ko abu. 24a, 00:00

Abuztuaren 31n bukatuko da herriko pintxo lehiaketa ezagunenean apuntatzeko epea.

Opor garaia ez da bukatu oraindik, bizpahiru aste falta dira ikasturte berria hasteko, are urrutiago dago urria... Baina seguruenik ez da goizegi izango Bakailu Astean pentsatzen hasteko; bereziki, dagoeneko lanera bueltatu eta 'motibazio' berriak behar dituzten horientzat.

Baina tira, ez gaitezen hasi batzuen azkeneko opor egunak izorratzen eta besteen 'penak' azaleratzen... Kontua da urriaren 6tik 17ra izango dela Hernaniko Bakailu Astea aurten, eta dagoeneko zabaldu dutela pintxo lehiaketan izena emateko epea. Oraindik apuntatu ez diren taberna eta jatetxeek, astebeteko epea daukate horretarako: gaur zortzi bukatuko da, abuztuaren 31n.

Horretarako, Berriak elkartearekin jarri beharko dute harremanetan: 943 33 30 49 telefonora deituta, edota berriak@hernanidendak.eus helbide elektronikora idatzita. Parte hartzeko interesa izan dezaketen establezimendu guztiei helarazi zieten informazioa hilaren hasieran, eta eskatu diete dokumentazioa arretaz irakurtzea, «bertan jasotzen direlako parte hartzeko baldintzak, data garrantzitsuak eta ekintzen xehetasunak».

Herritarrek, berriz, hilabete eta erdiz itxaron beharko dute Bakailu Asteaz gozatzen hasteko, herriko pintxo lehiaketa ezagunenarekin eta bestelako hainbat ekintzarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!