Behin baino gehiagotan ikusi dugu Florida auzoan, azkeneko asteotan, lantalde haundi xamarra kamerak, mikrofonoak, klaketa eta beste hainbat tresna hartuta. Rueda de Asia dendan aritu ziren zenbait egunez, ekainaren hasieran; eta Sulabe okindegiaren obradorean, uztailaren erdialdera.
'Argi gorriak' telesailaren grabaketan ari ziren, Vidania Filmsek ekoiztu eta Alberto Gastesik zuzenduta, eta Itziar Ituño aktorea protagonista dela. EITBren Primeran plataforman estreinatuko dute telesaila aurrerago, 30 minutuko zortzi kapitulurekin; baina dagoeneko eman dituzte aditzera nondik norakoak. Izan ere, grabaketa bukatu berri dute, zortzi asteko lanaren ondoren. Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat tokitan egin dute grabaketa, tartean Hernanin.
Umorea, intriga eta drama familiarra uztartuko ditu
Euskeraz grabatu dute telesaila, eta umorea, intriga eta drama familiarra uztartuko ditu. Bertan, familia disfuntzional batek argitu beharko du aita desagertuaren itzuleraren inguruko misterioa.
Elena Mugica da protagonista (Itziar Ituño): bikoizketako aktore bat, bere urterik gozoenak atzean utzi eta errutinan murgilduta bizi dena. Ezustean, bere senar ohia agertuko, 5 urte lehenago alde egin zuena. Ez da osasuntsu bueltatuko, ordea, hitz egitea eta ia mugitzea eragiten dion iktus batek jota baizik.
Egoera nahikoa zaila ez bada, heriotza-mehatxu bat agertuko zaie orduantxe, txerri gazi-gozo plater batean ezkutatuta. Mugicatarrak ez dira inoiz ondo moldatu familia gisa, baina taldean lan egin beharko dute oraingoan, beraien bizitza salbatzeko. Horretarako, deskubritu beharko dute aita zein istilutan sartu den azkeneko urteotan.
Aurreratu dutenez, hainbat gai jorratuko ditu telesailak: aukeratutako familia, identitatea, talka kulturala, lan prekarietatea edota LGTBIQ+ kolektiboaren ikusgarritasuna, besteak beste.
Puntako lantaldea, telesailak
Maila haundiko lantaldea bildu da Alberto Gastesiren inguruan, telesaila osatzeko; bai aktoreei dagokienean, eta baita alderdi teknikoan ere. Itziar Ituñorekin batera, beste bost aktorek osatuko dute familia disfuntzionala eta bere ingurune hurbila: Nerea Sanz (Lucia), Arnatz Puertas (Paul), Iñigo Gastesi (Martin), Yangxi Chen (Li) eta Iñigo Rodríguez (Julian). Beste sei aktore ezagunek ere hartu dute parte telesailean: Klara Badiolak, Miren Gaztañagak, Sara Cozarrek, Guiomar Puertak, Aitor Beltranek eta Jon Lukas Puertasek.
Talde teknikoari dagokionez, Alejandra Arrospide izan da ekoizlea, eta Alex Merino gidoilaria, Gemma Urrakaren, Kepa Errastiren eta Arrospideren beraren laguntzarekin. Yago Garbizu aritu da zuzendari laguntzaile gisa, Carmen Sánchez de la Vega izan da produkzio zuzendaria, Esteban Ramos argazki zuzendaria, eta Imanol Etxeberria arte zuzendaria. Arantza Ezquerrok diseinatu ditu jantziak, eta Ainhoa Eskisabel arduratu da makillajeaz. Andrea Saenzena izan da soinuaren ardura, eta Laida Aramburuk egingo ditu muntatzaile lanak orain. Haizea Huegunek jarri dio musika, eta Koldo Corellak egingo du soinuaren muntaketa. Kastingaz, berriz, Buda Roses arduratu zen.