Hernaniko Udalak uztailaren 29an jarri zuen indarrean kaleko janari postuak jartzeko lehenengo ordenantza. Postu hauek izan daitezke, janari-furgonetak, edota aldizkako kaleko janari postuak. Ordenatza indarrean dagoenez, 2025ean herrian gisa horretako janari-salmenta postuak jartzeko interesa dutenek, datorren ostegunera arte izango dute eskaera aurkezteko epea.
Udalak aditzera eman du aurkezten diren proposamenekin zerrenda osatuko dela, eta ondorengoa gaineratu du: «udalerrian kaleko janari-salmenta postuen beharra edo eskaera dagoenean, zerrenda horretan daudenei emango zaie jartzeko aukera, hurrenkeraren arabera».
Eskaerak Herritarren Harrera Zerbitzua (HHZ) edota modu telematikoan aurkeztu ahalko dituzte interesdunek.
Bete beharreko zenbait irizpide
Hernaniko Udalak osatu duen zerrenda honekin, urtean zehar Hernanin egon daitezkeen ekimenetan gisa honetako zerbitzuak jartzeko beharrak eta eskaerak bideratuko ditu; hala nola, San Joanak, inauteriak, edota Euskal Jaiak. Eta zerrenda osatzeko, ondorengo irizpideak hartuko dituzte haintzat: zerbitzua euskaraz ematea; gizarte-ekonomiako erakunde izatea; ekoizle propioa izatea; Hernaniko jarduera ekonomikoa izatea; emakumeen presentzia lantaldean; Hernaniko ekoizleen produktuak edo produktu ekologikoak nagusitzea edota enbalajerik ez erabiltzea.
Udalak azaldu du azken urteetan janari-furgonetak jartzeko baimen eskaerak gehitu egin direla, eta horrenbestez, egoera ordenatzeko premia ikusi duela: «sentsibilitate ezberdinak kontuan hartuta: herritarrenak, bizilagunenak, dendarienak, ostalarienak, saltzaile ibiltarienak eta kontsumitzaileenak».