'Sorgin Ehiza 1525-2025' erakusketa Biterin egongo da ikusgai irailaren 1etik 24ra

Kronika - Erredakzioa 2025ko abu. 22a, 00:00

Pierre de Lancreren sorgin ehizari buruzko irudia. Argazkia: Commons.

Aurten, 500 urte betetzen dira Nafarroa Garaian sorginkeriaren aurkako lehenengo prozesua gertatu zenetik. Hernani Errotzenek antolatu du eta 17 panel dira “sorginkeria prozesu” haien datu garrantzitsuenak laburbiltzen dituztenak. Bisita gidatuak izango dira irailaren 3an eta 5ean.

Aurten, 500 urte betetzen dira Nafarroa Garaian sorginkeriaren aurkako lehenengo prozesua gertatu zenetik. Auritzeko Udalak eta Nabarralde Fundazioak gertaera haien ezagutza gizarteratu nahi dute, beraz, hainbat jarduera antolatu dituzte. Ekitaldi nagusia bihar izango da eta goiz osoan zehar hitzaldiak eta mahai ingurua antolatu dituzte.

Ekitaldien artean erakusketa bat herriko kultura aretoan jarri da sei egunetan ikusgai, hiru hizkuntzetan: euskeraz, frantsesez eta gaztelaniaz. 17 panel izan dira “sorginkeria prozesu” haien datu garrantzitsuenak laburbiltzen dituztenak, oso modu bisualean; halaber, garaiko agintari zibil eta inkisidoreen jazarpenari buruzko informazio nagusiak ere.

Erakusketa hori Hernanira ekarriko du Hernani Errotzenek irailaren 1etik 24ra. Biteriko erakusketa gelan egongo da herritarrentzat ikusgai, Kultur Etxea zabalik dagoen
ordutegian. Gainera bisita gidatuak egingo dira euskeraz. Irailaren 3an, asteazkenean eta 5ean, ostiralean arratsaldeko 18:30etan hasita, eta irailaren 9an, asteartean goizeko 10:30etan.

 

Astigarragan izan zen erakusketa udaberrian

Astigarragan egon zen erakusketa udaberrian, jardunaldi batzuen barruan. Nabarraldeko Angel Rekaldek adierazten duenez: «Normalean sorgin ehiza edo gaia ateratzean Zugarramurdiko gaia irteten da. Hori prozesu honen amaiera izan zen. Guk ekarriko duguna da, nola eman zen bere hasiera, orain justu 500 urte. 1525eko ekainaren 19an izan zen lehendabiziko emakume baten erretzea».

Nafarroako konkistaren hurrengo urteetan izan zen. «Gizonak gerran zeuden eta emakumeak oso indartsu zeuden, beraiek eusten zioten herriari. Familien eta herrien nortasunari emakumeek eusten zioten».

Horregatik joan omen ziren emakumeen bila. Gainera «boteretsuen bila joan ziren, nobleen bila, alargunen bila, apaizaren baten bila ere bai... 100 urte inguruko prozesu bat eman zen, 1610garren urtera arte Nafarroako Pirineotako hainbat herrietan».

 

«Inkisizoak garatu zuen kontakizuna transmititu da»

Gero Rekalderen hitzetan, «inkisizioak garatu zuen kontakizuna transmititu da. Emakumeak sorginak zirela, akelarreak egiten zirela... euskerak gaztelaniari eman dion mailegurik ezagunenetakoa akelarre hitza da. Eta akelarre bat bakarra ere ez zen izan. Hori da inkisidoreen asmakizuna. Asmakizun hori garatu da historian. Errepresio hutsa izan zen eta garai horretan zeuden sujetoak ziren emakumeak. Nortasun haundikoak eta indartsuak, estatus altukoak, zirelako».

 

«Euskal gizartearen muinean ziren emakumeak errudun bihurtzea zen helburua»

Horrela Nabarraldeko kideek azaltzen dutenez: «Auritzen, Nafarroa Garaiko Pirinioetan, 1525eko ekainaren 19an eta eskualdeko azoka eguna zela aprobetxatuz, Gaztela-Espainiapeko Nafarroako Errege Kontseiluko kide zen Pedro de Balanza lizentziatuak herriko lau emakumezko eta gizonezko bat erretzea agindu zuen, fede katolikoaren izenean eta sorginkeriaren akusaziopean. Fede katolikoko auto hau Gaztela-Espainiak Nafarroarekin zuen gerraren testuinguruan bete betean gertatu zen, armak oraindik baretu gabe zeudenean, konkista hasi zenetik hamahiru urte igaro ondoren».

Helburua, zera zen, «euskal gizartean eta herri nortasunaren muinean ziren emakumeak errudun bihurtzea. Arrakasta izateko tokiko laguntzaileak, eta, nola ez, Inkisizioa behar zituzten. Europan jada ezaguna zen “bruja” figuraren pareko “sorgina” pertsonaia sortu eta emakume izaera eman zioten. Euskal sorginak ez zuten erratza baten gainean hegan egiten, hori inozente xamarra zen, nahiz eta mimetismoz horrela ere irudikatu gurean zerbait gordinagoa behar zuten, lizunagoa, misogenoagoa eta bazka egiten zuten ahuntz eta akerren larrea bihurtu zuten zoofiliarekin lotutako Akelarrea».

Pedro de Balanza justizia-agintaritza eta inkisidorearen, esku hartzea ez zen Auritzera mugatu. Erronkari, Zaraitzu, Aezkoa, Erro eta Luzaideko bailaretara ere hedatu zen, eta bertan 200 lagun baino gehiago ikertu, atxilotu eta galdekatu zituzten. Horietatik 50ek baino gehiagok sutan edo urkamendian hil zituzten.

Sorginkeriaren jazarpenak mende oso bat iraun zuen, XVII. mendearen hasierara arte, Baina ez bakarrik Nafarroa Garaian, Baizik eta Lapurdi, Araba, Gipuzkoa, Bizkaian..
eta baita Espainian eta Frantzian ere. Hala ere, Zugarramurdiko “aker-larreena” izango da kasurik ezagun eta bortitzena.

Gertakari hori herri oroimen partekatua da Pirinioetako bi aldeetan, eta kultur hurbiltasuna eta mugaz gaindiko herrien arteko erreferentzia komunak indartzen ditu. Gaur egun, «kontakizun horiek gure euskalnafar kolektiboaren parte manipulatu dira, egiaren ezkutatzaile bihurtuak, barregarri eta iraingarri kontatuak terrore garai baten errealitate lauso eta ikusgaitz».

 

1512-1522, hamar urteko inbasioaren testuinguruan

1512ko uztailaren 24an, Gaztelako tropak Iruñerrian, euskal abizena zuen handiki baten gazteluan: Arazurin. Iruñea erasotzeko eta inbaditzeko egun aproposaren zain denbora zeramaten Iruñeko harresiri begira. Egun aproposa hurrengo eguna zuten markatuta, 1512ko uztailaren 25a. Egun horretan sinatu zen errendizioa, baina hala ere, ezin zitekeen guztiz itxita jo egun hori. Bazegoen oraindik erresistentzia.

Irailean 9an sartu ziren Tuteran Gaztaleko tropak. Garaipen militarra azkar garatu zuten. Gipuzkoako jende batzuk, oinaztarrak, esku hartu zuten senitarteko borroka horietan, kontuan hartu behar da jada 312 urte zeramala, eta ez 1.000, orain Gipuzkoa deitzen den herrialde hau Gaztelapean. Hala ere, Erresumaren konkista ezin da behin betikotzat jo 1529ra arte, non Karlos V.a enperadorea Nafarroa Beheretik bidaltzea lortu zuten euskalnafarrek.

Denbora tarte horretan, Erresuman hiru errekonkista saiakera nagusi antolatu ziren: 1512an bertan Iruñeko ateetaraino iritsi baina irabaztea lortu ez, eta itzultzean, Nafar erregearen tropek Hernaniri su eman zioten; 1516an, Aragoiko Fernando “Katolikoa” hil eta botere hutsunea gertatu zen Gaztelan; hirugarrena, berriz, 1521ean Gaztelan “komunalen” oldarraldian eliza eta jauntxoen kontrako gerra zibila sortu zenean.

Azkeneko horretan Iñigo Loiolakoa “oinaztarra” zauritu eta Nafarroako tropak garai batean Nafar erresuma zen Logroñoraino iritsi ziren.
1522an, gero Iñigorekin batera santutuko zuten Xabierko Frantziskoren anaiek Amaiurko defentsa epikoa antolatu zutenarekin, eta 1524an, Hondarribiko defentsan ari zirenen galerarekin eman zuten gaztelar-espainolek garaitutzat eta amaitutzat Nafarroa Garaiko konkista. Hala baina, hori ez zuten oso garbi eskarmentu haundiko elizako eta Gorteko agintariek ikusirik euskalnafarrek erresistentzia behin eta berriz erakusten zutela. Horrela, izua sortzeko “sorgin-ehiza” antolatzea proposatu zuen, batez ere emakumeak zigortzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!