Errobi taldeak eskainiko du Hernaniko Euskal Jaietako aurtengo kontzertua, irailaren 20an, larunbatean. Gudarien Plazan izango da doan eta 22:30etan hasiko da. Agur esateko itzuli zen Errobi taldea 2024an 50 urte bete ondoren. Azken kontzertua abenduaren 30ean Viktoria Eugenia antzokian izango da, baina aurretik Hernanin egingo dute geldialdia.
Azken bira bereziaren barruan kokatuko den Euskal jaietako kontzertuan, Errobik bere katalogoko une esanguratsuenak errepasatuko ditu, hasierako urteetatik 1980ko hamarkadako diskoetara. Hitz eta doinuz jositako ibilbide aberats baten isla izango da gaua, eta aukera paregabea taldearen historia eta ekarpena gogora ekartzeko.
Anje Duhalde eta Mixel Ducau buru dituen Lapurdiko talde mitikoa euskal rockaren lehen harria jartzeaz arduratu zen, 1970eko hamarkadan. Euskal tradizioko folk soinu berezkoenak rock progresiboarekin eta psikodeliarekin nahastu zituen Errobik, atzerritik etortzen ziren soinuek eraginda nagusiki. Taldea jardunean aritu zen 1985 arte, eta urte horretan kaleratu zuen azken albuma, Agur t’erdi. Esperotako itzulera da, ibilbide oso bati oroitzapena egiteko bira honek amaituko duena.
Errobi Euskal Herriko eta euskerazko rockaren lehendabiziko taldetzat hartzen da eta, horregatik, geroko beste musikari euskaldunentzat erreferentziazkoa, hala edukiz nola formaz. Aditu askoren ustez, 1979an kaleratu zen Ametsaren bidea diskoa da Euskal Herrian egin den disko progresista onena da.
Ez zuen luze iraun Errobik, 12 urte 1973tik 1985ra, baina arrasto sakona utzi duten zenbait disko utzi zituen ondare gisa. Errobi desegin eta gero, nork bere bide arrakastatsua musikari lotua egin dute Anje Duhaldek eta Mixel Ducauk.