Hernaniko Maialen traineruak ur-biziak gustoko ditu, joan den asteburuan Zarautzen erakutsi zuen bezala. Abuztuaren 9ko eta 10eko asteburua ez zen onena izan Camargoko eta Donostiako ur bareetan, baina pasa den larunbatean bere mailarik onena berreskuratu zuen itsas-zabalean eta zazpigarren sailkatu zen, Isuntza seigarren sailkatuarekin ia berdinduta. Bizkaitarrek 16 ehuneneko aldea atera zieten hernaniarrei. Gainera, aurreko traineruengandik ere gertuago amaitu zuen Hernanik. San Juan bigarren sailkatua 20 segundura izan zuen Hernaniko traineruak.
Oso estropada erregularra osatu zuen Hernanik, bai brankaz eta bai poparean. Lekittarren denbora ia berberak egin zituen ziabogan eta helmugan, Zarautzek erraz irabazi zuen estropadan.
Hala ere, pena apur batekin amaitu zuten asteburua hernaniarrek. Ostiralean Castron jokatu behar zen estropada bertan behera geratu zen beroaren eraginez. Aurretik hartutako erabakia izan zen, eta klub guztiak ados zeuden neurriarekin: bero itogarria zegoen iragarrita eta iragarpenak guztiz bete ziren. Hori horrela, osasuna lehiaren aurretik jarri zen oraingoan, eta hori poztekoa da. Edonola ere, Hernanik nahiago izaten ditu itsasoko estropadak, eta Castrokoa zen horietako bat. Abuztuan hiru estropada ziren itsasoan egitekoak, eta bat ez da jokatu.
Bilbon amaituko da ETE Liga, datorren larunbatean
Itsasoko estropadak amaitu dira ETE Ligan, eta bakarra geratzen da liga amaitzeko. Hori larunbatean izango da, Aste Nagusiaren barruan, Bilboko uretan. Erlojuaren aurka, Nerbioi ibaian jokatuko da, 16:00etan hasita.
Hernanik ez du posturik jokoan sailkapen nagusian. Zazpigarren amaituko du ETE Liga, Portugalete zortzigarrena 14 puntu atzetik baitago, eta Isuntza seigarrena zortzi puntu aurretik. Hori bai, iraileko Kontxako sailkapen estropadaren prestaketarako balio dezake, erlojuaren aurkakoa baita Donostiakoa ere, nahiz eta estropada eremuak ez duen antzekotasunik.
ETE Ligari dagokionez, azkeneko estropadan erabakiko da garailea. Zarautz da liderra, San Juanekiko bi puntuko aldearekin. Orain arte ikusitakoarekin, zarauztarrentzat nahikoa behar luke aldeak, liga irabazteko.