Uztailean argitaratu zituen Espainiako Errugbi Federazioak datorren denboraldiko egutegiak. Zerrenda nagusietako izenen artean zegoen Hernani Club Rugby Elkartea, eta motibazio berezia izango du klubak aurten, Ohorezko Elite Mailan jokatuko baitute hernaniarrek, irailaren 20 eta 21eko asteburuan hasiko den denboraldian. Ilusio berezia sortzen du Estatuko bigarren maila berria den honetan jokatzeak.
Izan ere, Espainiako Federazioak mailen berregituraketa egin du datorren denboraldirako, eta Ohorezko Mailaren eta Ohorezko B Mailaren artean, hamar taldek osatuko duten kategoria berria sortu du: Ohorezko Elite Maila. Hernanik bertan jokatuko du, beste bederatzi talderekin batera; eta lehenengo jardunaldia Landaren izango du, irailaren 21ean, Les Abelles talde valentziarraren aurka.
Ohorezko Elite Maila sortu berria osatuko dute Les Abelles eta Pozuelo maila gorenetik jaitsi berriek; eta aurreko denboraldian Ohorezko B Mailako elite fasea jokatu zuten taldeek: Gernika, Ingenieros Industriales Las Rozas, Sant Cugat, Valencia, Pasek Belenos, Hernani, L 'Hospitalet eta Cisneros B.
Lehenengo fasea, bi itzulitara, liga erregularreko 18 jardunaldikoa izango da. Eta ondoren, lehenengo lau sailkatuen artean jokatuko dituzte 'play off'etako finalerdiak. Lehenengoa laugarrenaren aurka ariko da finalerdietako batean, eta bigarren eta hirugarren sailkatuen artekoa izango da beste semifinala. Kanporaketak partidu bakarrera jokatuko dira, liga erregularrean ondoen sailkatutako taldearen zelaian.
Gizonezkoen Ohorezko Mailara finaleko garailea igoko da, eta Ohorezko B Mailara jaitsiko dira ligako azkeneko sailkatua, eta Cisneros B, lortzen duen postua edozein dela ere.
Errege Kopa ere jokatuko du aurten Hernanik
Gainera, Hernanik Errege Kopa ere jokatuko du aurten. Gizonezkoen Ohorezko Mailako eta Ohorezko Elite Mailako taldeek jokatuko dute, Cisneros B taldeak izan ezik. Bosna taldeko lau multzotan banatu dituzte taldeak, eta Hernanik multzokide izango ditu El Salvador, Ciencias, La Vila eta Sant Cugat.
Multzoen fasearen ondoren, non talde bakoitzak bi partidu jokatuko dituen etxean eta bi kanpoan, finalerdietako kanporaketak izango dira. Kanporaketak partidu bakarrera jokatuko dira, zozketa hutsez, sailkatutako lau taldeen artean; hau da, multzo bakoitzeko lehenengoen artean. Finala partidu bakarrera jokatuko dute bi finalerdietako garaileek, zehazteko dagoen zelaian.
Multzoen fasea jokatzeko gorde dituzte azaroko azkeneko bi asteburuak eta abenduko lehenengo hiruak. Azaroaren 22-23ko asteburuan hasiko da, eta Hernanik La Vila izango du kontrario, Landaren.
OHOREZKO ELITE MAILA
EGUTEGIA
1go jardunaldia
Irailak 21: Hernani-Les Abelles
2. jardunaldia
Irailak 28: Pozuelo-Hernani
3. jardunaldia
Urriak 5: Valencia-Hernani
4. jardunaldia
Urriak 19: Hernani-Belenos
5. jardunaldia
Urriak 26: Sant Cugat-Hernani
6. jardunaldia
Azaroak 2: Hernani-Las Rozas
7. jardunaldia
Azaroak 9: Gernika-Hernani
8. jardunaldia
Urtarrilak 11: Hernani-Cisneros
9. jardunaldia
Urtarrilak 18: L'Hospitalet-Hernani
10. jardunaldia
Urtarrilak 25: Les Abelles-Hernani
11. jardunaldia
Otsailak 15: Hernani-Pozuelo
12. jardunaldia
Otsailak 22: Hernani-Valencia
13. jardunaldia
Martxoak 1: Belenos-Hernani
14. jardunaldia
Martxoak 15: Hernani-Sant Cugat
15. jardunaldia
Martxoak 22: Las Rozas-Hernani
16. jardunaldia
Martxoak 29: Hernani-Gernika
17. jardunaldia
Apirilak 12: Cisneros-Hernani
18. jardunaldia
Apirilak 19: Hernani-L'Hospitalet
ERREGE KOPA
EGUTEGIA
1go jardunaldia
Azaroak 23: Hernani-La Vila
2. jardunaldia
Azaroak 30: Sant Cugat-Hernani
3. jardunaldia
Abenduak 7: Ciencias-Hernani
4. jardunaldia
Abenduak 14: Hernani-El Salvador