Era ezinhobean hasi du Barrenetxeak Buruz Buruko Txapelketa, Juanenea nagusitasunez menderatuta

Kronika - Erredakzioa 2025ko abu. 18a, 00:00

Atzelari hernaniarrak 30-18 irabaztea lortu zuen estreinako partiduan, eta 4 puntu eskuratu zituen. Barrenetxea jokoaren arlo guztietan izan zen hobea. 

 

Faboritoaren kartela ez zen zama astuna izan Barrenetxearentzat Buruz Buruko Txapelketako ligaxkako lehenengo partiduan. Aritz Juanenea izan zuen aurkari, eta nagusitasunez menderatu zuten (30-18), jokoaren arlo guztietan gailenduta.

Partidua lehenengo tantoetan bakarrik egon zen berdindua. Bata besteari neurria hartu nahian ibili ziren, eta Barrenetxeari kosta egin zitzaion saketik min egitea. Juaneneak aurretik jartzea lortu zuen, 5-7, baina hortik aurrera hernaniarrarena izan zen partidua. Barrenetxeak errenkada luzeak egitea lortu zuen, eta guztiz hautsi zen norgehiagoka.

Azken tantoetan estu ibili zen Juanenea, 16 tantoen langa gainditu nahian. Azkenean, 18 egin zituenez, punturik galdu gabe geratu zen Saldiaskoa.

Larunbat honetan izango du jarraipena Buruz Buruko Txapelketak, Azpirozen eta Juanenearen arteko partiduarekin. Sailkapenari erreparatuta, garrantzitsua izango da bi erremontarientzat garaipena lortzea, galtzen duenari asko zailduko baitzaizkio kontuak.

Oraindik pixka bat itxaron beharko da bi faboritoen arteko partidua ikusteko. Baina bistan da Ansa eta Barrenetxea sasoi betean iritsi direla urteko txapelketa garrantzitsuenera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!