Gaur ekingo diote Buruz Buruko Txapelketari Endika Barrenetxea hernaniarrak eta Aritz Juaneneak. Elkarren aurka jokatuko dute ligaxkako partidua, arratsaldeko 16:30etan hasiko den jaialdiko bigarren norgehiagokan.
Aurreko asteburuan egungo txapelduna den Ansa II.ak argi erakutsi zuen faborito argia dela txapelari eusteko. Gaurko partiduan maila parekatuagoa espero bada ere, Barrenetxea IV.a aterako da faboritoaren kartelarekin. Hernaniarrak bi aldiz irabazi du Buruz Burukoa, eta aurtengoan kantxan gozatuz egin nahi du bidea.
Lehenengo partidua irabaztea beti izaten da garrantzitsua, eta aurrera egiteko lehia estua izango dela aurreikusita, are garrantzitsuagoa da hasieratik puntuak pilatzea.
Denek denen aurka jokatuko dute ligaxkan; lehenengo sailkatua zuzenean finalera sartuko da, eta bigarrenaren eta hirugarrenaren artean finalaurrekoa jokatuko dute.