Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak dirulaguntza emango die Hernaniko Udalari eta baita Arrasatekoari ere, «hirigintza-plangintzan genero-ikuspegia txertatzeko asmoz».
Azahara Domínguez diputatuak iragarri du dirulaguntza eskaintza, eta azaldu du joan den apirilean bere departamentuak laguntza-lerro bat abiarazi zuela: «laguntza lerro hau Gipuzkoako Udalek beren hirigintza-planetan, proiektuetan eta urbanizazio edota eraikuntza ordenantzetan genero-ikuspegia txerta zezaten, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunerantz aurrera eginez».
Hernaniri egokitu zaion dirulaguntza 7.441,50 eurokoa da, eta Arrasateren kasuan, berriz, 28.737,50 euro. Dirulaguntzek honako hirigintza-dokumentu hauetan genero-ikuspegia txertatzeko azterlanak idaztearen gastuak estaltzen dituzte: «urbanizazio edota eraikuntza ordenantzak, plangintza orokorraren aldaketak eta garapen-plangintzako dokumentuak eta horien aldaketak, urbanizazio-proiektuak eta urbanizazio-obren proiektuak.
Dominguezek dio hirigintza tresna indartsua dela emakumeek betidanik jasan izan dugun gizarte bazterketari aurre egiteko: «Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna errealitate izango den Gipuzkoarantz aurrera egin nahi badugu, oinarritik jardun behar dugu, gure udalerriak pentsatuz bai emakumeek bai gizonek baldintza eta berme berberekin gozatzeko. Genero-ikuspegia hirigintza-diziplinan txertatuz bakarrik hautsi ahal izango ditugu desberdintasuna betikotzen duten oztopoetako batzuk». Amaitzeko, diputatuak eskerrak eman dizkie Hernaniko eta Arrasateko Udalei, «inplikazioagatik».